Apirila hasieran iragarri zuten moduan, greba astea deitu dute STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek hurrengo asterako hezkuntza publikoan, maiatzaren 12tik 16ra hain zuzen. Deialdia erregistratu dute aste hasiera honetan. Hala, "urtarrilean hasitako greba eta mobilizazio zikloari" segida ematea erabaki dute.
Deitzaileek gogorarazi moduan, "bederatzi greba egun egin dituzte irakasleek" urtarriletik apirilera, sektorean %90eko ordezkaritza duten aipatu lau sindikatuek deituta. Baina "orain arte luzatutako proposamenek, bestalde, ez diete erantzun egokirik ematen aldarrikatutako edukiei. Izan ere, eduki, zehaztapen eta bermeak falta direla adierazi dute behin eta berriro. Hala, orain arte egindako greba eta mobilizazio arrakastatsuek segida izango dute beste 5 greba egunekin maiatzaren 12, 13, 14, 15 eta 16an".
Greba aste horren aurretik, egun horiek babestu eta sektore honen aldarrikapenekin bat egiteko manifestazioak deitu dituzte larunbat honetarako, maiatzaren 10erako hiriburuetan. Gipuzkoakoa Donostian egingo dute noski. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da.
Hezkuntza publikoa indartzeko deia egin dute sindikatuok. Ezinbestekotzat jotzen dute "inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabideez hornitzea".
"Jarrera itxia"
Apirilaren 10ean deitu zuten sindikatuok hurrengo asterako greba egunen ziklo berria. Ordutik, adierazi dutenez, ez dute Hezkuntza Sailarekin biltzeko gonbidapenik jaso. "Egindako grebetan, langileek argi eta garbi adierazi diete Hezkuntza Sailari hitzarmena orain eta hemen negoziatzeko beharra, eta sindikatuen aldetik, erabateko prestasuna izan dute beraiekin biltzeko. Baina Hezkuntza Sailak negoziatzeko atea zabalik duela saldu nahi izan badu ere, errealitatea bestelakoa izan da: jarrera itxia, eszenifikazioa, edukirik gabeko bilerak, xantaiak… Ez dituzte negoziatzeko aukerak aprobetxatu, eta blokeoa luzatzen dabiltza. Hitzetatik harago edukiak, zehaztapena eta konkrezioak behar dituzte langileek".
Urte hasieratik orain arte eginiko greba egunetan, sindikatuok gogorarazi dutenez, "mezu argiak helarazi dizkiote Hezkuntza Sailari: gero eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetu eta plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, eta jaiotza-tasa aitzaki hartuta aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea. Era berean, hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, lan-osasuna zaintzea, kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko, baliabide pertsonalak eta hauetarako beharrezkoak diren formakuntzak ezartzea, eta azken urteetan inposatutako atzerapausoak kentzea eskatzen dute".