Jexux Artze K.E.

Ruper Ordorikaren kontzerturako sarrerak agortuak

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 6a, 12:54

Iaz 'Bakarka bi' izeneko diskoa plazaratu zuen eta halaxe arituko da honakoan, bakarka, gitarra lagun, ostiralean Sutegin, Jexux Artze Kultur Elkarteak antolaturiko kontzertuan.

Akabo, agortuak daude Ruper Ordorikak ostiralean, maiatzaren 9an 19:30etan Sutegin eskainiko duen kontzerturako sarrerak. Usurbilkultura.eus plataforman zeuden eskuragarri baina aipatu moduan, amaitu direla ohartarazi dute antolatzaileek.

Jexux Artze Kultur Elkartearen eta Usurbilgo Udalaren eskutik eskainiko du Ordorikak bakarkako emanaldia hiru egun barru, kultur-etxeko auditorioan. Gogoan izan, urte garai honetan antolatu ohi dute kultur zikloa, baina iaz udazkenera atzeratzea erabaki zuten. Azaroan ospatu zuten Txalaparta Festa. Halere, maiatzean Jexux Artze zendutako egunaren urtemugaren bueltan, hitzorduren bat antolatzen segitzea erabaki zuten. Hortxe, aurtengo eskaintza; Ruper Ordorikaren kontzertua.

"Bakarka"
2018ko udazkenean, bere 'Bakarka' diskoa argitaratu zuen Elkarrek. Disko hartan, Ruperrek bere ibilbideko kanta adierazgarrienetako batzuk errepasatu zituen bakarka. Disko hura Azkarateko Mamia estudioan grabatu, nahastu eta masterizatu zen, Jonan anaiaren eskutik.

2024an pauso berri bat eman zuen Ruperrek 'Bakarka' diskoan hasitako bide minimalistan. Izan ere, 40 urteko ibilbidean asko dira sortu dituen kantu adierazgarriak. Eta horietako asko faltan sumatzen ziren 'Bakarka' hartan. Zeintzuk? Bakoitzak “bereak” sumatzen zituen faltan, jakina. Gauzak horrela, kantari oñatiarrak bere errepertoriotik 12 kanta gehiago aukeratu eta grabatu zituen artifiziorik gabeko estiloan.

Hainbat arrazoik egiten dute berezi 'Bakarka bi' diskoa. Horietako bat formatua da. CD formatuan, esan bezala, 12 kanta bildu zituen 'Bakarka bi'-k, tartean Erruduna (bideoan entzun daitekeena), Zaindu maite duzun hori eta Zaldiak negarrez.

Biniloan ere ikusi zuen argia diskoak. Baina kasu honetan, LPa bikoitza da. Disko batean 'Bakarka'-ko 10 kanta jaso zituen eta besteak, 'Bakarka bi'-ko 12 abestiak. Bakarka bi ere Azkarateko Mamia estudioan grabatu, nahastu eta masterizatua izan zen.