Ostiralean inauguratuko dute iñurritegia

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 7a, 08:11

Usurbilen kokatu du egoitza nagusia Iñurri elkarteak. Maiatzaren 9an inauguratuko dute, jada irekia dagoen arren.

Aurtengorako iragarri zuen minbiziaren akonpainamendu, formazio eta dibulgazioan ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik eragiten diharduen elkarteak egoitza fisiko honen irekiera, Usurbilen bertan. "Helburua da, espazio multidiziplinar bat izatea. Gure langilea egongo da bertan. Yoga onkologikoa, formakuntza, hitzaldiak... eskaini nahi ditugu. Batez ere, harrera eskaintzeko espazio bat izatea nahi dugu", adierazi zioten Iñurri elkartetik hedabide honi.

Egoitza berri hau atondu dute. "Iñurriren lokalak ireki ditu ateak. Gure iñurritegiak espazio fisiko bat du orain eta bertan aurkituko gaituzue hemendik aurrera", iragarri dute. Dagoeneko zabalik duten arren, inaugurazio eguna ere finkatu dute. Ostiralean, maiatzaren 9an izango da, Kale Nagusia 10ean, Askatasuna plaza ondoan, garai bateko Pauma arropa denda izandako lokalean. "Inaugurazioan gonbidatu bereziak izango ditugu eta bilduma berria aurkeztuko dugu. Zatoz ospatzera!", egin dute gonbita.

Irekierarako bilduma berriaren aurkezpena eta desfilea iragarri dituzte, salgai ere egongo dena. Musikaz eta jan edanaz girotua egongo da hitzordua. Bertan, Iñurri elkarteko kideetako batek ondutako (Min)bizi liburua aurkeztuko dute.


Iñurriren egoitzaren irekiera
Tokia: Kale Nagusia, 10 (Askatasuna plaza ondoan, garai bateko Pauma arropa-dendan).

Maiatzak 9, ostirala
17:30 Ongi etorria eta lokal berriaren aurkezpena.
17:40 (Min)bizi liburuaren aurkezpena.
17:50 Bilduma berriaren aurkezpena eta desfilea.
18:00 Bilduma berriaren salmenta:
-Maiatzak 12-24 artean, Lasarteko Kool estudioan egongo da salgai.
-Maiatzaren 25etik aurrera, bilduma berria denda solidarioan online erosteko aukera izango duzue.
18:30 Kontzertua, Josu eta Maitaren eskutik.
18:30 Kroketak, Kroketxearen eskutik.

Egoitzaren harrera ordutegia:
-Astelehen, asteazken, ostegun eta ostiraletan: 9:30-14:30.
-Astearteetan: 15:30-19:30.

Informazio gehiago: izaninurri.eus

Antolatzailea: Iñurri.