Gipuzkoako pentsiodunak

Pentsio duinen aldeko 140.000tik gora atxikimendu Eusko Legebiltzarrera

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 7a, 13:06

Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduak agerraldia egin du gaur Donostian. Hilabeteotan bideraturiko sinadura bilketa kanpainaren balantzea egin du. Eusko Legebiltzarrera helaraziko dituzte hilabeteotan jasotako pentsio duinen aldeko 140.000 sinadura baino gehiago.

Herri Ekimen Legegile (HEL) bat ari da sustatzen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, "Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema bat ezartzeko" eta horren baitan, "14 ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, lege bihur dadin", hilabeteotan gogorarazi dizuegunez.

Horretarako, sinadura bilketa kanpaina bideratu du aipatu mugimenduak urte hasieratik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, tartean, Usurbilen. Gipuzkoako taldeek asteazken honetan egin dute horren balantzea Donostiako Bulebarrean eginiko agerraldian. 140.000 atxikimendu baino gehiago batu dituzte guztira hiru herrialdeetan, haietatik 48.039 Gipuzkoan gaurko prentsaurrekoko parte hartzaileek eskuartean zituzten kartelek argi adierazi moduan.

"Horrek argi adierazten du euskal gizartearen sektore zabal baten interesa eta adostasuna gure lege-proposamenarekiko, ez soilik pentsiodunena, baizik eta herri-sektore zabalarena; orohar, langileena, gazteena, emakumeena, etorkinena...", Gipuzkoako pentsiodunen mugimendutik aipatu agerraldian nabarmendu dutenez.

Ekimenak izandako arrakasta "hein handi batean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua osatzen duten pentsiodunen lanari eta konpromisoari esker lortu da. Halaber, oso garrantzitsua izan da gizarteko hainbat esparrutan erreferenteak diren pertsona ezagunek HELari eman dioten babesa, herritarrei dei eginez hura sinatzera eta babestera".

Hemen duzue, agerraldian plazaratu duten adierazpena osorik:

Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduaren adierazpena
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Herri Ekimen Legegile (HEL) bat aurkeztu zuen irailaren 26an EAEko parlamentuan, izapidetzeko onar zezaten. Ekimen horrek gutxieneko pentsioen osagarri bat ezartzen du, pentsiodun onuradunei bizi-baldintza duinak izatea ahalbidetuko dien nahikotasun-sarrerak bermatzeko.

Herri Ekimen Legegile honek gutxieneko pentsioak osatzeko euskal sistema bat garatu nahi du, 60 urtetik gorako pentsiodunen gizarte-bazterketaren arriskua prebenitzeko. HEL honetan ezarritako osagarria pentsiodun bakoitzari aitortutako prestazio ekonomikoa da, pertsona bakarreko unitate ekonomikotzat jotzen dena eta bizi-baldintza duinak izatea bermatzen dion diru-sarrera nahikorik ez duena. Osagarri horren zenbatekoa, jasotzen den pentsioaren eta urtero eguneratutako LGS lanbide arteko soldataren zenbatekoaren arteko  aldea kalkulatuz ezartzen dugu. EAEn LGS bat egonez gero, hau izango litzateke erreferentziazko LGS.

Urriaren 29an Legebiltzarreko Mahaiak tramitera onartu zuen EAEko Legebiltzarrean erregistratutako Herri Ekimen Legegilerako lege proposamena eta legean aurreikusitako tramitazio prozedurak hastea. Abenduaren 24an sinadurak biltzeko lau hilabeteko epea irekitzea erabaki zuen EAEko Hauteskunde Batzordeak.

Lau hilabeteotan milaka pertsonen babesa jaso dugu sinaduren bidez, notaritzan izendatutako fede-emaileek kautotu dituzten sinadurak, edozein hauteskunde-prozesutan ematen diren boto guzti-guztien berme berberekin. Horrela, Gipuzkoan 48.039 sinadura jaso ditugu eta EAEn 140.000 baino gehiago. Horrek argi adierazten du euskal gizartearen sektore zabal baten interesa eta adostasuna gure lege-proposamenarekiko, ez soilik pentsiodunena, baizik eta herri-sektore zabalarena; orohar, langileena, gazteena, emakumeena, etorkinena...

Arrakasta hori, hein handi batean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua osatzen duten pentsiodunen lanari eta konpromisoari esker lortu da. Halaber, oso garrantzitsua izan da gizarteko hainbat esparrutan erreferenteak diren pertsona ezagunek HELari eman dioten babesa, herritarrei dei eginez hura sinatzera eta babestera. Gipuzkoan 62 pertsona erreferenteren babesa eta atxikimendua jaso dugu, eta EAE osoan 289 pertsonena. Azkenik, nabarmendu emakume pentsiodunen manifestuak jasotako ehundik gorako hainbat erakunde feministen babesa eta apirilaren 5ean soldata eta pentsio duinen alde egindako manifestazio jendetsuak.

HELaren aldeko sinadura bilketa kanpainaren azken ekitaldia maiatzaren 15ean egingo dugu. Gasteizko Legebiltzarrean sinadurak entregatuko ditugu pentsiodunen manifestazio jendetsu batek lagunduta. Autonomia Estatutuak Eusko Jaurlaritzari pentsioak osatzeko eskumen osoa aitortzen dio, eta hark orain txosten bat egin behar duenez, ulergaitza izango litzateke ezezko txostena egitea eskumen hori egikaritzea eragozteko. Era berean, legebiltzar-talde guztiei ere zuzenduko gatzaizkie argi eta garbi adieraz dezaten ekimen hau lege-proiektu gisa izapidetzearen alde edo aurka bozkatuko duten.