Badatorrela nabari da. Une honetan, hamaika egun baino ez dira geratzen usurbildarren urteko festa kuttunenerako. Badator 42. Sagardo Eguna! Antolakuntza dagoeneko prestaketa lanen azken fasean da. Aurreko astean herriko sarbideetan kokatu zuen, jaialdi hau iragartzen duten kartel bana N634 errepidean, Atxegalde parean eta Oxtapen.
Asteazken honetan, maiatzaren 7an, kartel eta guzti plazaratu dute dagoeneko egitarau ofiziala.
Ohi bezala, bertako, herriko nahiz herritik kanpoko hainbat sagardo dastatzeko aukera eskainiko dute antolatzaileek hilaren 18ko jaialdian.
Igande horretako goizeko prestaketa lanen amaieran, botatzaileen talde argazkia egin eta 11:30etan izango den irekiera ekitaldiaren ondotik hasiko da festa. Postuetako osteratxoa goiz partean egingo den arren, festa giroak arratsaldean segiko du “Elektrotxorongo” Elektrotxarangakoen eskutik.
"Giro paregabea izango dugu aurtengoan ere! Animatu!", egin dute gonbita Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek.
Hemen, datorren Sagardo Eguneko egitaraua:
42. Sagardo Eguna
Maiatzak 18, igandea
11:00 Botatzaileen argazkia.
11:30 Sagardo Egunaren Irekiera.
Baserriko zein sagardotegi ezberdinetako sagardoa dastatzeko aukera. Honetaz gain, pintxo aukera zabala.
15:00 Botatzaileen bazkaria Udarregi ikastolan
17:30-20:00 “Elektrotxorongo” Elektrotxaranga Usurbilgo kaleetan zehar.
Antolatzailea: Sagardo Egunaren Lagunak.