Itzulia Women lasterketaren azken etapak Usurbil zeharkatuko du Sagardo Egunean

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 8a, 08:12

Itzulia Women lasterketaren hirugarren etapa maiatzaren 18ko Sagardo Egunean jokatuko da. Donostian hasi eta amaituko den saioak udalerri hau zeharkatuko du eguerdiko 12:30ak aldera, N634 errepidetik barrena.

Sagardoaren kulturaren jaiegun handian murgilduko da herri hau maiatzaren 18an. Eguneroko bizimodua eraldatuko du 42. Sagardo Egunak. Trafikoa bera ere etengo du herri erdiguneko kaleetan. Baina usurbildarren festa kuttunena ospatuko den igande horretan bertan beste arretagune bat ere izango da. Honek ere ibilgailuen joan-etorria moztuko du, N634 errepidean. Izan ere, azken urteon antzera, oraingo honetan ere Itzulia Women lasterketak udalerri hau zeharkatuko du aipatu errepidetik barrena.

Emakumezko txirrindularien arteko lehia maiatzaren 16tik 18ra jokatuko da, hiru lurraldeetan izango den etapa banatan. Guztira, 377 kilometroko lehia izango da. "Edizio hau menditsuena izango da, 10 mendate puntuagarri egongo direlako: lehen mailako 1, 2. mailako 3 eta 3. mailako 6", antolatzaileen arabera.

Hiru etapa hauetan azkenekoa, hilaren 18koa Donostian hasi eta amaituko da. 112,6 kilometro luze izango dituen azken zeharkaldi hau, antolatzaileen esanetan "erabakigarria" izango da. "Ibilbidea Donostiako Klasikokoaren antzekoa izango da, Lezotik Jaizkibelera igoko direlako eta, amaitzeko, Oriotik Mendizorrotzera igoko direlako. Donostiaranzko jaitsiera eta Donostiarainoko hurrengo kilometroak banakako erlojupekoa izango dira, helmugara iristeko eta sailkapen nagusian garaipena lortzeko". 

Eguerdi partean
Etapa horren 87,2. kilometroa izango da Usurbilgoa (etapa amaitzeko 25,5 kilometro faltako zaizkie txirrindulariei), 89,7, kilometroa Aginagakoa (etapa amaitzeko 22,9 kilometro faltako zaizkie). Bigarren aldiz Donostiatik igaro ostean helduko dira Añorga aldetik N634 errepidetik barrena. Txikierdi, Kalezar, Usurbil, Atxegalde eta Aginaga zeharkatuko ditu hilaren 18an hurrenkera horretan N634 errepidetik barrena, 12:25-12:45 aldera. Tarte horren bueltan, adi, aipatu errepidea itxita egongo da ibilgailuen joan-etorrietarako. Gero Mendizorrotz aldera joko dute eta Igeldotik barrena Donostiako helmugara iritsiko dira.

Aipatu moduan, Gipuzkoako hiriburuan hasiko dute 2025eko Itzulia Women lasterketaren hirugarren eta azken etapa. Donostiatik Hernani aldera eta handik Jaizkibel mendia eta haren inguruko udalerrietatik igaroko dira txirrindulariak Donostiara itzuli aurretik. Hiriburura bueltatu ostean, etorriko dira Usurbil alderantz.

N634 errepide ertzera hurbilduta ikusi ahal izango da etapa hau zuzenean, baita aurreko bi egunetakoen antzera, azken hau ere Euskal Irrati Telebistaren bidez. Egunero 12:00etan hasita zuzenean eskainiko du ETB-k eta eitb.eus atariak Itzulia Women txapelketa.

Itzulia Women 2025
Iraupena: maiatzak 16-18.
Etapak:
1-Maiatzak 16: Zumarraga-Agurain.
2-Maiatzak 17: Ugao-Miraballes-Igorre.
3-Maiatzak 18: Donostia-Donostia (Usurbil eta Aginagatik igaroko dira).

Informazio gehiagorako: itzulia-women.eus