Hizpide izaten ari den energia trantsizioaren gaia ekarriko du ostegun honetan, maiatzaren 8an Sutegira Sortalde Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitateak. Izan ere, mahaingurua eta horren ostean solasaldia iragarri du ostegun arratsaldeko 19:00etan kultur-etxeko auditorioan, "energia trantsizioa bai, baina, nola?" izenburupean.
"Trantsizio ekosoziala gaur egungo erronkarik handienetakoa dugu: erregai fosiletan oinarritutako energia sorkuntzatik, berriztagarrietara aldaketa egitea, tokiko beharretara zuzenduta, kudeaketa eta gobernantza komunitarioa oinarri duela. Halaber, energia sorkuntza berriztagarriei mugarik jarri behar al zaie? Berriztagarria eta jasangarria uztargarri izateko zeintzuk dira baldintzak?".
Galdera horien bueltan ariko dira Sortaldek ekitaldirako gonbidaturiko punta puntako hiru ikerlari:
-Aitziber Sarobe: biologoa eta zientzietan doktorea EHUn, Mondragon Unibertsitateko irakaslea Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean.
-Iñaki Bárcena: Zuzenbidean lizentziatua eta Gizarte eta Politika Zientzietan doktorea, EHUko irakaslea eta ikerlari eta EKOPOL taldearen koordinatzailea EHUn.
-Markel Peñalva: Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta Ikerbasque fundazioko ikerlaria energia berriztagarri eta hidrogeno teknologietan.