Herriko hainbat kale girotuak daude jada "Elkar mugituz egingo dugu" aldarridun faroletatik zintzilik dauden pankarta handiekin.
Maiatzaren 15ean ekingo zaio, guztion hizkuntza ohitureran eragitea xede duen milaka lagunen arteko ariketa kolektiboari. Gogoan izan, ahobizi nahiz belarriprest gisa izena emateko epealdiak zabalik segiko du egunotan euskaraldia.eus atarian eta Euskaraldia Usurbilen dinamizatzen ari den herri batzordeak jarriko duen mahaian. Txapak ere mahai horretan eskuratu ahalko dira.
Izena ematea garrantzitsua da. Izan ere, "horrek ahalbidetuko du gero Euskaraldiaren inguruko ikerketa egin ahal izatea, parte hartzaileen jarraipena egitea, txapak banatzea, eta batez ere, prestakuntza tresna eta aholkuak helarazi ahal izatea".
Norbanako gisa, gainera, Euskaraldiarekin soilik ez Hikaldiarekin ere bat egiteko aukera izango da Usurbilen. Kasu horietan, norbera ahobizi edo belarriprest dela adierazten duen txapari H hizkia erantsiko zaio. Herri batzordearen mahaian eskuratu ahalko da aipatu hizkia.
Herri batzordetik Euskaraldira begirako datozen hainbat deialdien berri eman digute. Lerrootan dituzue xehetasunak:
4. Euskaraldia
Maiatzak 9, ostirala
17:00 4. Euskaraldiaren atarian, "denon artean Zubietako parkeko horma margotuko dugu. Zatoz gurekin!". Euskaraldirako izena emateko eta txapak eskuratzeko mahaia jarriko dute.
Antolatzaileak: Zubieta Lantzen, Zubietako Eskola Txikia eta Usurbilgo Euskaraldia Batzordea.
19:00etatik aurrera, Euskaraldirako izena eman eta txapak eskuratzeko aukera Sutegi ondoan.
Maiatzak 10, larunbata
12:00etatik aurrera, Euskaraldirako izena eman eta txapak eskuratzeko aukera Sutegi ondoan.
Datorren astean zehar
9:00-14:00 Euskaraldirako izena eman eta txapak eskuratzeko aukera Potxoenean eta NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan.
Maiatzak 15, osteguna
Laugarren Euskaraldiaren hasiera:
18:30 Kalejira udaletxetik abiatuta, kantujira, trikitilari eta buruhandiekin batera.
20:00 Euskaraldiari ekiteko txupinazoa Mikel Laboa plazan, sagardoz eta pintxoez lagunduta.
Arratsaldean zehar, Euskaraldirako izena eman eta txapak eskuratzeko aukera.
Maiatzak 16, ostirala
16:30 Bingo musikatua Agerialdeko patioan haur, gazte eta helduentzat.
Antolatzailea: Udarregi ikastola.
Izen-ematea eta argibide gehiagorako: euskaraldia.eus
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.