Errotonda haginarik gabe

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 8a, 12:44

Bere bizitza zikloa bete du Bordatxo taberna aurreko biribilguneko haginak. Ihartu ostean, gaur kendu dute.

Ostegun eguerdi honetatik, haginarik gabe da Bordatxo taberna aurreko biribilgunea. Ihartua zen eta azkenean gaur kendu egin dute. Herri erdiguneko hainbat kaleen lotuneak oso itxura desberdina du ondoko irudiotan ikusi ahal denez. Bertatik igaro diren hainbati deitu dio arreta gaur eguerdian jazotakoak; "zuhaitzik ez dago" entzun diogu zenbaiti.

Ihartua zen urteetan bertan egon den hagina eta aipatu moduan gaurkoan kendu dute. Historikoki halere, ez da halakorik gertatu den lehen aldia. 1997. urteko martxora atzera egin dugu. Urte eta hilabete hartako hilaren 7an kaleratu zen orduan sortu berri zen NOAUA! hamaboskaria. Orduko lantaldeak gaur jaso dugunaren oso antzeko irudia argitaratu zuen hedabide honen 15. zenbakiko "Porrusalda" izeneko albiste laburren tartean. "Hagin berriaren zain dago errotonda" zioen albiste haren izenburuak.

Oraingo honetan gertatu bezalaxe, "azkenean errotondako haginak ez zuen bere gaixotasuna gainditu eta erabat ihartu zen". NOAUA!-k orduan jakinarazi zuenez, "analisi eta tratamendu desberdinak egin ondoren Phytophtora izeneko gaixotasuna zuela ziurtatu zen"; alegia, "zainetan onddo batzuk hazi zitzaizkion". Hedabide honek gaineratu zuenez, "ez dakigu, ordea, gaixotasun hori Belgikatik ekarri zuen ala hemen sortu zitzaion". Une hartan iragarri zen, hagin berri bat ekarriko zela "errotondarako erdi prezioan". Izan ere, "Belgikako saltzaileak ere arduratuta agertu dira prozesu guztian eta beste hagin bat ekartzeko prest azaldu dira".

Mitologiari lotutakoa
Bestalde, Elhuyarren zientzia.eus ataria irakurri ahal izan dugunez, hagina "gure herriko mitologiari loturiko zuhaitza da. Kondairek diotenez, erromatarren kontrako gerretan, euskal gerrariek zuhaitz honetatik lorturiko pozoiaz bustitzen zituzten beren geziak. Bestalde, preso hartzen zituztenean hil aurretik fruituetatik lortutako narkotikoa hartzen zutela esaten da".

Mintzagai dugun zuhaitz honek "adarkadura irregular nabarmena du. Nahiz eta 20 metrorainoko altuerara iritsi, askotan zuhaiskaren itxura izaten du. Haginaren adaburua piramidala izaten da eta nahikoa zabala". Zuhaitz honen "egurra berriz, oso gogorra eta trinkoa izaten da. Bai altzarigintzan eta bai tornu lanetan, oso erabilia eta preziatua da".