Emakumeei zuzenduriko oinarrizko indar entrenamenduak izandako harreraren lekuko honako albiste hau. Apirilaren 28tik maiatzaren 7ra zuen finkatua Usurbil Udalak saio horietan parte hartu nahi zutenentzako izen-emateko epealdia. Hasiera batean, bi trebakuntza hitzordu programatuak zituzten larunbat honetarako; lehenengoa, maiatzaren 10erako eta hilaren 31rako bigarrena.
Atzo itxi zuten izen-emate kanpaina eta Usurbilgo Udaletik biharamun honetan jakinarazi dutenez, aldiz, azkenean lau talde osatu dituzte. "Indar entrenamendu ikastarorako izen-emate kopuruak ikastarorako gordetako plaza kopurua laukoiztu du: 140 emakumek eman dute parte hartzeko izena. Hori dela eta, talde bakarra beharrean lau osatu dira, adinaren arabera, tarte bakoitzean helburu zehatzagoak lantzeko aukera izango delakoan". Honenbestez, entrenamendu saio horiek ugaritzea erabaki dute. Hemen duzue Udaletik helarazitako egutegiaren berri:
-Maiatzak 10 eta 31: 49 urtetik 56 urtera bitarteko taldea.
-Ekainak 7 eta 28: 56 urtetik gorakoak.
-Urrian (datak zehazteke): 40 urtetik 48 urtera bitarteko taldea.
-Azaroan (datak zehazteke): 16 urtetik 40 urtera bitarteko taldea.
Oharra: urriko eta azaroko datak aurrerago zehaztuko dituzte eta orduan jakinaraziko zaie noiz izango diren izena emandakoei.
Informazio gehiago, Oiardo kiroldegian edo bideotatik jaso ahalko da:
943 37 24 98
kirola@usurbil.eus
Baliabideak ezagutu eta tresneria egoki erabiltzeko
"Indarra lantzeko makinak eta tresnak modu egokian erabiltzeko ikastaro teoriko-praktikoa izango da, doan, eta kiroldegiko gimnasioko baliabideak ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek", antolatzaileen esanetan.
Kiroldegiko gimnasioko joerek eta halako trebakuntza saioak antolatzeko eskaerek bultzatu dute Udala ekimen hau bideratzera. "Gimnasioan bi joera nagusitu ohi dira: emakume gehienek kardio-ariketak egiten dituzte, eta, gizonek, indarrari lotutakoak. Bestetik, azken hilabeteotan antolatutako bestelako ikastaroetan parte-hartzaileek halako ikastaro baten beharra adierazi izan dute. Hala, emakumeen artean entrenamendu mota hori bultzatzeko asmoz, gorputzaren mugimenduak ezagutu eta indartu nahi diren gorputz atalak lantzeko modurik eta tresnarik egokienak ezagutuko dituzte".
Aipatu moduan, atal teoriko eta praktikoa izango ditu ikastaroak. Zati praktikoan, "gimnasioa tarte batez eurentzat itxiko dute, modu erosoagoan ikasteko aukera izan dezaten".
Antolakuntzak ohartarazi duenez, "ez da beharrezkoa maila jakin bat izatea ikastaroan parte hartzeko: emakume guztiei zuzenduta dago, batez ere, hasi berriak diren edo hasteko gogoa dutenei. Indar entrenamenduaren onurak, helburuak, mitoak, teknika, materiala eta makinak landuko dituzte, Zuhegan kirol zentroko kideen eskutik".