Giro aldakorra izango dugu larunbat honetan, maiatzaren 10ean. Izan ere, abisu horian izango garela ohartarazten ari da Euskalmet meteorologia agentzia, prezipitazio handiagatik hain zuzen. Larunbatean 13:00ean jarriko dute indarrean eta iluntzeko 21:00ak arte segiko dugu egoera berean. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu eta zenbait lekutan handiak izan daitezke. Zaparradekin batera, txingorra (1-2 cm ingurukoa) egin dezake eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (70-90 km/h)".
Giro honetan, larunbat goizean zehar, Euskalmet-en arabera, "zerua partez hodeitua egongo da eta arratsaldean hodeitsu geratuko da. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak egingo ditu, bereziki arratsaldean. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi igoko da".
Igandean, "zerua tarteka hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak egin ditzake, bereziki egunaren bigarren partean. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Arratsaldean ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez eta maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".
Astelehenean, "goizean lainoa eta lanbroa izango dira. Zerua tarteka hodeitsu egongo da. Zaparrada trumoitsuak egin ditzake. Goizaldean mendebal/hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da; goizean ipar-osagaira aldatu eta ahul-bizi ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoetan aldaketarik ez".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.