Iñurritegiaren inaugurazioa

"Aurrerapauso oso handia da Iñurrirentzat"

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 10a, 11:49

Iñurri elkarteak ostiral honetan inauguratu du Askatasuna plaza ondoan kokatuko den iñurritegia.

Iñurriez bete da ostiral honetan, Usurbilek aurrerantzean izango duen iñurritegi berria. Zabalik zen martxoaz geroztik baina maiatzaren bederatzigarren honetan inauguratu dute ofizialki. Kale Nagusiaren atzealdean, Askatasuna plaza ondoan kokatuko da, garai bateko Pauma arropa-dendaren saltokian.

Bertaraturiko iñurri guztiei harrera eginez hasi dute inaugurazio ekitaldia. "Ongi etorria eman nahi dizuegu", adierazi die aurrean bildutakoei Miren Cuerdok, Iñurri elkartearen sortzaileetako batek. Urduri ziren adierazi dutenez, izan ere, "guretzako oso egun berezia da. Hasieratik amesten ari ginen lekutxo bat izatearekin", gaineratu du.

"Iraultza txiki bat"
Egoitza iraunkorra, finkoa izango dute aurrerantzean Usurbilen. Ez da kasualitatea udalerri hau aukeratu izana bilgunea hau kokatzerakoan. "Oso harrera ona egin zaigu beti herri honetan. Horregatik, gustura gaude hemen gure txokoarekin", Cuerdok nabarmendu duenez. Bere esanetan, "beti erraztasunak" izan dituzte egitasmo hau bideratzeko. Ildo horretan, Usurbilgo Udala eskertu nahi izan dute erakunde honen aldetik jasotako laguntzagatik.

Inaugurazio hau, egoitza berriaren irekiera, "aurrerapauso oso handia da Iñurrirentzat". Are gehiago, "aukera bat da gure lanak aurrera jarraitzeko", Illarramendik adierazi zuenez, "poliki-poliki ari gara sinesten" zertan ari diren. Horregatik, pauso garrantzitsutzat jo du iñurritegiaren irekiera; "iraultza txiki bat da", laburbildu du, bertaraturikoei eskerrak helaraztearekin batera.

Iñurri elkarteak egoitza irekia dutenetik, langile bat dute gunea eta egitasmoa dinamizatzen. Hunkituta eta oso eskertua agertu da inaugurazio ekitaldian, proiektuarekin bat egiteko aukera eskaini izanagatik.

Iñurri Egunetik iñurritegira
Bost urteko ibilbidea osatua du "minbiziaren akonpainamendu, formazio eta dibulgazioan ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik diharduen Iñurri elkarteak. Usurbilekin lotura estua izan du. Esaterako, iaz, bosgarren urtemuga hau udalerri honetan ospatu zuten tailer, bazkari eta kontzertuez jositako egunpasa gogoangarri eta jendetsuan.

Antolatzaileek orduan iragarri zuten, proiektuak izandako ibilbide emankorraren eta hartutako dimentsioaren haritik, egoitza udalerri honetan kokatuko zutela aurten. Proiektu hau ere gauzatu dute, bistan denez.