Iñurritegiaren inaugurazioa

"Hori da Iñurri, tribua"

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 10a, 11:26

Iñurri elkarteak Usurbilen zabalik duen egoitza inauguratu dute ostiral honetan. Bertan, besteak beste, bilgune barruan izango duten eskaintza aurkezteko baliatu dute hitzordua; tartean, iragan igandean aurkeztutako "(Min)bizi" liburua. Iñurrietako batek Elena Guinearen bizipenak biltzen ditu argitalpenak, baina baita kide gehiagorenak ere. "Gure kezkak, ardurak, kezkatzen eta alaitzen gaituena", horri buruz dihardute bere idazlaneko hamar atalek. "Oso laburrak dira, nire istorioari buruzkoak. Iñurri gehiagok parte hartu dute eta zoragarria da", Guineak inaugurazio ekitaldiko aurkezpentxoan nabarmendu duenez.

Ataletako bat hain zuzen, inaugurazio ekitaldira joandako hainbat kideek sortutakoa da, "atal zoragarria" Elenaren esanetan. Egitasmoak duen izaera kolektiboari gorazarre egin dio. "Hori da Iñurri, tribua", goraipatu duenez.


“Hil arte bizi!”
“(Min)bizi” liburua iragan igandean aurkeztu zuten estreinakoz, Izan Iñurriren egoitza berrian, lagun eta iñurriz inguratuta.

Izan Iñurri Elkartean, minbizia duten emakumeak saretzen dituzte, eta saretze-lan horretan “(Min)bizi” liburua bezalako lanak sortzen dira. Elena Guinea iñurriak idatzi edo sortutako lana da “(Min)bizi”, nahiz eta iñurri askoren kolaborazioa izan duen. Gaixotasunaren albo-kalteak bizi behar izan zituen joan zen udan, eta beste iñurri askok egin izan duten bezala, idazkuntzan babestu zen gizartearen gehiengoa hondartzan eta udako planak egiten ari ziren bitartean.

Liburuan bere gogoetak bildu ditu Elenak, edo Elenitak, elkartean esaten dioten bezala. Jaio zen egunetik beretik ditu kontatzeko moduko istoriotxoak, eta haietatik abiatuta, minbizia eta minbizia izan osteko bizipen eta hausnarketak jaso ditu liburu berrian. Iñurri ugari izan ditu inguruan liburua osatzeko istoriotxo berriak biltzeko. Lagun ugariren artean sortutako lana izan dela azpimarratu zuen Elenitak, hamarkada erdi baino gehiago duen Lasarteko iñurriak. 

Gai ugari biltzen ditu liburuan, sexualitatea horietako bat. Minbizia bizi duten pertsonen kasuan hain ahaztuta geratzen den gaia izan ohi da, eta Elenita eta beste iñurri batzuentzat ezinbestekoa da erakundeek alderdi hori ere lantzea eta informazioa ematea gaiari buruz. Ahanztura onkologikoari buruz ere hitz egiten du liburuak pasarte batean, minbizia izan dute pertsonek bizitza aseguruekin zein bankuetan dirua eskatzean izaten dituzten injustiziak azaleratzen dituena. Minbizidun gazteei buruzko hausnarketarik ere bada, bai eta ama ez agurtzeari buruzko gogoeta ere. Gai anitzak eta zabalak biltzen ditu liburuak, zalantzarik gabe.

Ane Labaka bertsolari eta kulturgileak egindako hitzaurrea du liburuak eta zorrotz argitaletxearen bidez argitaratu dute liburua. Iñurriren bidez erosi ahal izango da lokalean.

Jakes Txapartegiren piano doinuekin hasi zen aurkezpena eta hala amaitu zen kafetxo bat eta goxo artisauekin. Horra Elenitak esandako azken bi esaldiak hitzaldia eta liburuaren mamia borobiltzeko: “Eskerrik asko zuei, liburu hau denona da!” eta “Hil arte bizi!”.