Astelehenean, maiatzaren 12an irakaskuntza publikoan abiatzekoa zuten greba asterako hiru egunen faltan, akordioa erdietsi dute LAB, Steilas, Interino Taldeak, CCOOk eta UGT sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin.
LAB sindikatutik aditzera eman dutenez, "irakasle funtzionarioetan sinatu den azken akordio honek eskola publikoko irakasleen lan baldintzak hobetzeaz gain, ikasleei ematen zaien hezkuntza kalitatea hobetzea lortu du".
Akordio horretan adosturiko puntuen artean daude, besteak beste, soldatak %7 handitzea, erretiro adina 18 hilabete aurreratzea, enplegua egonkortzeko neurriak edota irakastorduen murrizketa.
Horrez gain, baliabideak indartzea ere adosturikoen artean dago: baliabide gehiago zuzendaritza taldeetarako, Pedagogia Terapeutiko irakasle gehiago, Ongizate eta Babeserako koordinatzaileak, EUSLE programa zabaltzea LH 3tik 6ra edota hizkuntza proiektuetarako koordinatzaileak "hezkuntza konplexutasun indize oso altuko eta altuko ikastetxeetarako".