Haur eta gaztetxoen aisialdi ereduan azken urteotan eragiten ari den Zirimara proiektuaren parte hartzaile izan nahi dutenei begirako ohar garrantzitsua segidan. Urrian abiaraziko duten 2025-26 ikasturterako izena astelehen honetatik, maiatzaren 12tik eman ahalko da. Tramitazio hau bideratzeko hilaren 23ra arteko epealdia izango dute interesdunek.
Usurbilgo erdigunera, Aginagara eta Zubietara hedatuko da eskaintza hau. LH1-6 arteko gaztetxoei zuzendua egongo da, Zirimara gisa LH1-4 mailakoentzat, Zirimara Multi gisa eskainiko da LH 5-6 mailetakoentzat. Horrez gain, 0-6 urte artekoentzako Zirimara familian egitasmoa eskaintzen segiko da, urriaren 1ean hasi eta hurrengo urteko maiatzaren 30era arte.
Izena emateko epealdia amaitu artean, Zirimara hurbiletik ezagutzeko ate irekien hainbat saio antolatu dituzte. Iragan asteko aldizkarian argitaraturiko iragarki honetan dituzue xehetasunak: