Euskal presoen egoera hizpide izango duen hitzaldia programatu du Usurbilgo Sarek, astearte honetarako, maiatzaren 13rako arratsaldeko 18:30etan Potxoenean.
Apirileko azken ostiralean, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko Mikel Laboa plazako elkarretaratzean iragarri zuten biharko hitzordua. Deitzaileek mobilizazio amaieran oroitarazi zutenez, "aurreparausoak ematen jarraitzeko urtea zela esan genuen urte hasieran eta eskatutako bidetik hasi dugu urtea. Gaur egun, presoen ia erdiak erregimen irekian ari dira zigorra betetzen, eta horrek, praktikan, egunero kalea zapaltzen ari direla esan nahi du. Orain urte batzuk pentsaezina zen eszenatoki batean gaude gaur egun euskal presoen auziari dagokionez, eta hori, euskal gizarte zabalaren babes eta bultzadarik gabe gauzaezina litzateke".
Halere, Saretik ohartarazi zutenez, 2025. urte honek ere "ekarri dizkigu inondik espero ez genituen berriak. Ekarri dizkigu gogora orain bi urte entzutegi nazionaleko fiskalak ohiko zituen jokabideak. Pairatu behar izan ditugu berriro, Xabier Zabalo eta Josu Narvaezen gradu erregresioak. Jarrera hauek, euskal presoen etxerako bidea oztopatu besterik ez dute egiten eta, beraz, gatazkak utzitako ondorioen konponbidea luzatu eta herri honek etorkizunera begira jartzeko duen beharra eta elkarbizitza agertokiak oztopatu".
Puzzlea osatu arteko bidea
Testuinguru horretan bi hitzordu iragarri zituen Sarek, egunotarako. Biak ala biak Euskal Herri mailan bilgune honentzat mugarria izan asmo duen "Puzzlea osatu arte!" ekimenaren testuinguruan aurkeztu zituzten. Maiatzaren 17an eta 18an, "bi egunez Euskal Herriko 29 herrietan zehar, euskal presoek beraien zigorrak erregimen irekian betetzeko duten eskubidea eta beharra aldarrikatuko ditugu. Oraindik beraien zigorrak etxean betetzeko falta diren 58 preso horiek, zigorrak etxean bete ditzaten eskatuko dugu Lesakan hasi eta Iruñean amaituko den ekimenean".
"Puzzlea osatu arte" ekimena aipatu egoera horretan diren presoen herrietan egingo da; Usurbilen ez, baina hemendik gertuen, Orion edota Hernanin. Usurbildarrei nora joan aurrerago egingo zaie gonbita. Horrez gain, euskal presoen egungo egoerari buruzko hitzaldia antolatu du astearterako.
Puzzlea osatu arteko bidea egingo dutela iragarri zuen Sarek. "Gatazkak utzitako ondorioen konponbidean puzzle zati ugari kokatuak ditugu jada puzzlean. Halere, azkena kokatu arte jarraituko dugu lanean, puzzle zati guztiak puzzlean kokatzea baita herri honek duen beharra".
Sareren hurrengo deialdiak
Maiatzak 13, asteartea
18:30 Euskal presoen egoerari buruzko hitzaldia Potxoeneko ganbaran.
Hizlariak:
-Onintza Ostolaza abokatua.
-Beñat Uribe-Etxeberria Sare Gipuzkoako arduraduna.
Maiatzak 17-18
Usurbildik gertuen Orion edota Hernanin egingo dituzte dinamikak. Asteotan zehaztuko dute, bietako zein udalerritara joateko deia egingo duten.
Maiatzak 30, ostirala
20:00 Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Sare.