Hiru egun baino ez, laugarren Euskaraldiari ekiteko. Maiatzaren 15etik 25era euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan ahotan hartu eta guztion hizkuntza ohituretan eragiteko ariketa kolektiboari ekingo zaio Euskal Herrian, baita Usurbilen ere. Ekimen horren parte hartzaileak izango dira norbanako gisa bat egingo duten ahobiziak eta belarriprestak, baita ariguneen bidez konpromiso kolektiboak hartuko dituzten entitateak ere.
"Entitateak aipatzen direnean, kontzeptuak askotariko eremuak barne-biltzen ditu, izan ere, lantokiak badira entitate, baina baita kirol edo kultur elkarteak, eta dendak edo tabernak ere". Usurbilen askotariko entitateek bat egin dute abiatzear den laugarren Euskaraldiarekin eta konpromiso hori hartu dutela irudikatzeko talde argazkiak atera eta helarazten hasiak dira.
Lerrootan dituzue zenbait; Santuenea Kultur Elkartekoena, Ta Puntu kooperatibako kideena, Usurbil Optikarena, Usurbilgo Lanbide Eskolakoena, Urbil merkatalgunekoena eta baita, Usurbilgo udalbatza osatzen duten udal ordezkari guztiena ere.
Gogoan izan, edizio honetan izango duten inplikazio maila nolakoa izango den erabaki ahal izan dute.
Entitateak
Oinarrizko lanketa:
1-INFORMATU. Belarriprest eta ahobizi rolen inguruko informazioa entitateko kideen artean zabaldu, eta izena ematera animatu, horretarako erraztasunak jarrita.
2-PRESTATU. Entitateek kideei euskararen erabilera sustatzeko prestakuntza eskaintzea aztertuko dute, horretarako baliabideak izango dituzte webgunean.
3-EUSKARALDIA IKUSGARRI EGIN. Izena ematen duen entitateak ariketa badatorrela ikusgarri egingo du: espazioak apainduz, ekintzak antolatuz, barne zein kanpo komunikazioan hartutako neurriak edo egingo diren ekintzak jakinaraziz…
Lanketa sakona:
Hori aukeratuta, koordinazio orokorretik baliabideak eskainiko zaizkie aparteko lanketak egiteko, besteak beste:
- Ariguneak sortu: euskaraz lasai aritzeko guneak.
- Komunikazioak euskaraz egin: bilerak, mezuak eta bestelako komunikazioak euskaraz zabaldu.
- Mintzodromoak antolatzea; entitate barruan lasai euskaraz hitz egin ahal izateko
- Mintzatratuak adostea entitateko kideen artean
- Hiztegi kutxa; entitatearen arloko euskarazko hiztegia ezagutu eta erabiltzeko
- ….
Azken lanketa hauek egiteko, intraneteko sarbidea eta aholkularitza izango dituzte eskura entitateek.
Izena emateko: https://euskaraldia.eus/entitateak/