Euskaraldia 2025

Izena eman eta txapak eskuratzeko aukera egunotan

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 12a, 10:13

Euskaraldia abiatzeko hiru egunen faltan, oraindik laugarren ediziorako izena emateko nahiz txapak eskuratzeko epealdiak zabalik segitzen du.

Badator laugarren Euskaraldia! Milaka lagunen arteko ariketa kolektiboari ekiteko hiru egun baino ez dira falta. Lerrootan egunotako deialdien berri duzue.

Gogoan izan, ahobizi nahiz belarriprest gisa izena emateko epealdiak zabalik segiko du egunotan euskaraldia.eus atarian. Txapak Potxoenean nahiz NOAUA! Kultur Elkartean eskuratu ahalko dituzue.

Izena ematea garrantzitsua da. Izan ere, "horrek ahalbidetuko du gero Euskaraldiaren inguruko ikerketa egin ahal izatea, parte hartzaileen jarraipena egitea, txapak banatzea, eta batez ere, prestakuntza tresna eta aholkuak helarazi ahal izatea".

Herri batzordetik Euskaraldira begirako datozen hainbat deialdien berri eman digute. Lerrootan dituzue xehetasunak:

4. Euskaraldia
Maiatzak 12-14, astelehenetik asteazkenera
9:00-14:00 Euskaraldirako izena eman eta txapak eskuratzeko aukera Potxoenean eta NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan.

Maiatzak 15, osteguna
Laugarren Euskaraldiaren hasiera:
18:30
Kalejira udaletxetik abiatuta, kantujira, trikitilari eta buruhandiekin batera.
20:00 Euskaraldiari ekiteko txupinazoa Mikel Laboa plazan, sagardoz eta pintxoez lagunduta.
Arratsaldean zehar,
Euskaraldirako izena eman eta txapak eskuratzeko aukera.

Maiatzak 16, ostirala
16:30
Euskal sortzaileen abestien bingo musikatua Agerialdeko patioan guraso eta ikasleentzat. Animatu parte hartzera! Ikastolan ere elkar mugituz egingo dugu!
Txartelen prezioa: 50 zentimo. Aldez aurretik eskatu beharko zaizkio irakasleari, dirua gelara eraman eta egunean bertan seme-alabarekin helaraziko zaizkio.
Ondoren, txokolatea banatuko da.
Antolatzailea: Udarregi ikastola.

Izen-ematea eta argibide gehiagorako: euskaraldia.eus