Euskaraldia 2025

Euskaraldiarekin batera "Hikaldia" Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 12a, 09:50

ZirHika mugimenduak herriz herri hitanoa bultzatzea du helburu; batez ere, noka. Euskal Herriko I. Hika Topaketatik sortu zen eta hainbat tokitako hika eragileek osatzen dute. Orain, Euskaraldiarekin bat eginez, hika ikusgarri egitea du helburu.

Euskaraldian hika aritzera konprometitu ahalko gara abiatzear den laugarren edizioko hamaika egunetan. Geure hizkuntza-ohituretan eragitea xede duen dinamika honen baitan, euskararen erabilera handitzearekin batera, hikaldia ere sustatzeko baliatu ahal izango da maiatzaren 15etik 25erako tarte hau.

Euskaraldian parte hartuko dutenek, Ahobizi edo Belarriprest rola aukeratuko dute. Horrez gain, Hika ekimenean parte hartu nahi badute, H hizkia daraman eranskailua jarriko diote txapari.

Nola parte hartu Euskaraldia Hikan?
1. Euskaraldia Hikan izena eman ahal izateko, tokian tokiko batzordeak Hika ekimenean parte hartzea erabaki behar du. Usurbilgo batzordeak bat egin du ekimenarekin.
2. Zure herriko batzordean Euskaraldia Hika ekimenean parte hartzea erabaki baldin badute, Euskaraldian izena emateko garaian, Euskaraldia Hikan ere parte hartu nahi duzun galdetuko zaizu (bai/ez erantzuteko aukerarekin). Markatu erantzuna eta listo.
3. Txapa jasotzera zoazenean, “H” pegatina emango dizute, Ahobizi edo Belarriprest txapan itsatsi dezazun.
4. H-aren esanahia honakoa da: “Nahi baduzu, nirekin hika egin dezakezu“.
5. Belarriprest ala Ahobizi? Hori ez da aldatzen. Norberak erabakiko du bata ala bestea izan nahi duen.
6. Hika jakin beharra al dago H-a ipintzeko? Ez, hitanoa ikasi/entzun nahi duenak ere ipini dezake pegatina.

Hikaldiko parte hartzaileak
Zerrenda honetan ikus ditzakezu alfabetikoki euskaraldia hikan parte hartzen duten herriak: Abadiño, Abaltzisketa, Aduna, Aia, Aizarnazabal, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Araitz, Arantza, Areatza, Arrasate, Asteasu, Astigarraga, Ataun, Aulesti, Azkoitia, Azpeitia, Baliarrain, Beasain, Belauntza, Bera, Berastegi, Bergara, Berrobi, Betelu, Bidania-Goiatz, Elduain, Elgeta, Ermua, Errenteria, Eskoriatza, Etxalar, Etxebarriko Udala (Lea-Artibai), Gaztelu, Getaria, Goizueta, Hernani, Hernialde, Ibarra, Idiazabal, Igantzi, Ikaztegieta, Irun, Iruñea, Irura, Itsaso, Larrabetzu, Larraul, Larraun, Leaburu-Txarama, Leitza, Lekunberri, Lesaka, Lizartza, Mallabia, Markina-Xemein, Mungia, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orendain, Orexa, Orio, Ormaiztegi, Ortuella, Segura, Soraluze, Tolosa, Urretxu, Usurbil, Zaldibia, Zarautz, Zestoa, Ziortza-Bolibar, Zizurkil, Zornotza, Zumaia, Zumarraga.

Hikaldia, edizioz edizio
2020
Bergaran eta Oiartzunen antolatu zen Hikaldia lehenbizikoz, 2020ko Euskaraldian.

2022
2022ko Euskaraldian, herri gehiago batu ziren, batez ere Gipuzkoako eskualderik euskaldunenetakoak: Urola Kosta, Goierri, Debagoiena...

2025
Laugarren ariketaldi honetan 83 izango dira ekimenean parte hartuko dutenak.