Pil-pilean den gaia dakar aurtengoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren "Treba Gurasoak" izeneko prestakuntza ekimenak. Egitasmo horrek "gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu".
Aurtengoan, ekimen horren baitan bi saio antolatu dituzte egunotarako, gai beraren bueltan. Izan ere, gazteen osasun mentala izango dute hizpide. Lehenengoa, larunbatean, maiatzaren 17an egingo da, 12-16 urte arteko gazteentzat Gaztelekuan bertan, Foru Aldundiaren, Udalaren eta Gaztelekuaren lankidetzari esker. Bigarrena, nerabeen gurasoei zuzendurikoa izango da, hilaren 21ean. Azken hau, aipatu eragileez gain, Hitz Aho Guraso Elkarteak ere antolatuko du. Lerrootan dituzue xehetasunak.
Hitzaldi zikloa
Maiatzak 17, larunbata
17:00-19:00 Hitzaldia Gaztelekuan: “Ongizate emozionala”.
Zehaztasunak: "Hitzaldiaren helburua osasun mentaleko ohitura osasungarriak sustatzea, arrisku-faktoreen prebentzioa eta babes-faktoreen garapena bultzatuz. Lehen saio honetarako, marrazki-teknika artistikoetan oinarritutako dinamikak erabiliko dira. Introspekzio emozionala errazteko bizipen- eta esperientzia- tresna gisa erabiltzen dira marrazkiak".
Norentzat: 12-16 urteko gazteak.
Izen ematea: Gaztelekuan edo usurbilkultura.eus webgunearen bidez.
Antolatzailea: Usurbilgo Gaztelekua.
Laguntzailea: Gipuzkoako Foru Aldundia.
Maiatzak 21, asteazkena
17:30 Hitzaldia Potxoenean: “Osasun mentala eta nerabeak”.
Trebatzailea: Estibaliz Ansotegi.
Zehaztasunak: "Familien eginkizun nagusietako bat da heztea eta seme-alabek balio eta portaera/jarraibide egokiak eskura ditzaten lortzea. Babesaren gakoa da ingurune seguruak eta babesleak sortzea. Ingurune horietan, pertsonak erabat garatu ahal izango dira, beren eskubideak errespetatu ahal izango dira eta edozein indarkeria-motatatik libre egongo dira, haien ongizate fisikoa eta mentala bermatuz. Hauek dira landuko diren edukiak eta gaitasunak: Gure seme-alaben osasun mentala, nola sentitzen dira? / Zer da osasun mentala? / Zerk kezkatzen gaitu osasun mentaletik? / Adimen emozionalaren garrantzia / Ezegonkortasun emozionala / Zer dira gatazkak? / Detekzio goiztiarra eta babesgabetasuna / Nola lagun diezaiekegu? Familientzako aholku batzuk".
Nori zuzendua: nerabeen gurasoei.
Gonbidapenak: usurbilkultura.eus plataforman eskuragarri.
Antolatzaileak: Usurbilgo Gaztelekua eta Hitz Aho Guraso Elkartea.
Laguntzaileak: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Usurbilgo udala.