Orain arteko lankidetza hitzarmen batean jaso dute Orbeldik eta Udalak

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 13a, 13:42

Urtez urte luzatzen joan ahalko diren urtebeteko lankidetza hitzarmena sinatu dute Orbeldi dantza taldeak eta Usurbilgo Udalak.



Lankidetzan aritzen oso ohituak diren bi eragileren arteko adostasuna idatziz jaso eta sinatu dute aste hasiera honetan; Orbeldi dantza taldeari eta Usurbilgo Udalari buruz ari gara.

Urtebeteko lankidetza hitzarmena izenpetu dute Potxoenean eginiko agerraldi bidez, urtez urte luzatzen segi ahalko dutena bi aldeek kultura sustatzeko elkarlan horretan, hala adosten badute behintzat. "Bien arteko hartuemana eta elkarlana ere etengabekoa izan da urte hauetan guztietan, baina orain arte ez dugu hitzarmen idatzirik izan. Usurbili egiten dion ekarpena aintzat hartuta, beraz, hartueman hori formalizatu nahi dugu guk hitzarmen honekin eta idatziz jaso bi aldeek elkarrekiko hartzen dugun konpromisoa".

Konpromisoak
Orbeldiri dagokionean, kultur arloko udal zinegotzi Jon Mikel Azpiazuk azaldu duenez, "Usurbilen euskal dantzaren tradizioa sustatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du: bost urtetik gorako herritarrei ikastaroak eskaintzen jarraitzea, Dantza Eguna eta Dantzari Txiki antolatzea eta herriko eragileekin elkarlanean jarraitzea. Horrekin batera, Santixabeletako soka dantzarako prestatuko ditu zinegotziak eta haien gonbidatuak. Udalak beharra izan dezakeen beste bi ekitaldietan laguntzeko konpromisoa ere hartu dute; esaterako, ohorezko agurra dantzatuz".

Udalari dagokionean, "Orbeldik bere jarduna gauzatu ahal izateko dirulaguntza emango dio, 14.000 eurokoa hain zuzen. Horrez gain, lokal bat prekarioz lagako dio elkarteari, materiala gordetzeko, San Esteban kaleko 11. zenbakiko udal lokala". Horrekin batera, azken urteotako Oiardo kiroldegiko areto berria baliatzen segi ahalko dute entsegu saioetarako. "Euren beharrak asetzeko, ordea, beste espazio baten beharra dute eta hortik dator San Esteban kaleko lokala prekarioz lagatzeko erabakia", Azpiazuren esanetan.

Ibilbide luzea
Udaletik gogorarazi moduan, aurkezpen gutxi behar duen dantza taldeak "euskal dantzak eta herri folklorea herrian bultzatzeko lan egiten du. Haurren eta helduen talde bana dute, 160 dira hurrenez hurren. Horrekin batera, beste 15 kolaboratzaile inguru dituzte, txistulari, jostun eta laguntzaileak kontuan hartuta".

2015etik du Usurbilgo dantza taldeak Orbeldi izena, baina bilgune honen ibilbideak hamarkada askoz gehiagoko ibilbidea du, udalerriaren izenarekin. "Herriko ospakizun eta ekitaldietan parte hartzeaz gainera, urtero antolatzen dituzte, besteak beste, Dantzari Txiki eta Dantza Eguna. Aipatzekoa da ere, Usurbilgo inauteriak sortzeko iaz hasitako bidea".

"Oso harro gaude, dantzak gure herrian hartu duen bidearekin"
Esker oneko agertu da Orbeldi Dantza Taldea lankidetza hitzarmen honen sinatze ekitaldian. "Eskerrak eman Udalari, bai hitzarmena sinatzeko orduan adierazitako prestasunagatik baita ere urte hauetan guztietan lanean aritu diren zinegotzi eta alkateei, euren gertutasuna eman eta Orbeldiri laguntzeko euren konpromisoa adierazteagatik", taldeko ordezkari Aitor Agirrek nabarmendu moduan.

Hamarkada bat daramate Orbeldi izenaren aterkipean dantza zaletasuna sustatzen Usurbilen. Udalerri honen izenarekin, ordea, ibilbide askoz luzeagoa egina du bilgune horrek. "Horren adibide dugu, Udalarekin batera 2013an plazaratu zen liburua, diktadura ostean dantzak Usurbilen izan zuen bilakaera erakusten zuena". 

Liburu hura hain zuzen, lehen Dantza Egunean aurkeztu zuten, jada hamahiru edizio bete dituena. "Nork esango zuen, urtez urte 50 herritarretik gora biltzen dituen ikuskizun berri bat egiten jarraituko genuenik. Baina hala da eta oso harro gaude, dantzak gure herrian hartu duen bidearekin. Gure ohitura zaharrak mantendu eta berriak sortzeko bidean, lanean jarraituko du Orbeldik herriko elkarte ezberdinekin kolaboratuz, herritarrek Usurbilen dantzarako lekua izan dezaten etxetik gertu. Talde handia daukagu, anitza eta hau kudeatzea ez da beti erraza izan, baina azken urteetan jarraitu dugun bide honek lagunduko digu bidea malguagoa egiten". Eta bide hori gehiago erraztuko du lankidetza hitzarmen honek Orbeldikoen esanetan.

Ibilbide oparo hau aintzakotzat hartuta, Agirrek ondorioztatu duenez, "Usurbil herri dantzazalea dela esan daiteke, eta hori garbi ikusi da, azken urteetan, herrian egiten diren dantza emanaldietan, jende dezente biltzen baita bai ikusteko eta bai dantzari bezala parte hartzeko ere. Guk lanean jarraituko dugu gure pasioa herrian errotuta mantendu nahian".