Lau egun baino ez, usurbildarren urteko jaiegun nagusirako; 42. Sagardo Egunerako. Igande honetan, maiatzaren 18an ospatuko den jaialdiak herri honen sagardoaren kulturan barneratzea ahalbidetzen du eta horixe da hain zuzen, hitzordu honetan murgildu aurretik, 650 Usurbil Bizi herri egiatsmoak antolaturiko bisita gidatuaren helburua.
Sagardoaren lurralde honetan barneratu eta kultura horri buruzko ezagutzan sakontzeko aukera ederra eskaintzen ari da aipatu proiektua iragan otsailaz geroztik. Izan ere, "Usurbilgo Sagardo Kultura" izeneko ibilbide berria txertatu zuen orduan, lehendik zuen eskaintza zabalean. Sagastietatik sagardorako ekoizpen prozesua bistaratzen duen txangoan parte hartzeko aukera ematen hasia zen duela hiru hilabete herri proiektu hau.
Lehen taldearekin estreinakoz otsailean egin zuten irteera hau. NOAUA! K.E.-ren egoitza ondoko Sagardoaren plazatik abiatu ziren. Oinez Egiluze baserrirantz jo zuten, Aranerreka ondoko parke berritik. Bertakoen eskutik sagardoaren ekoizpena ezagutu eta etxeko sagardoa dastatzeko aukera izan zuten. Sagastien bidetik barrena, Usurbilgo panoramika ezin ederragoaz gozatzeko aukera ematen duen herri-bidetik beherantz, Aranerrakara jaitsi eta Saizar sagardotegian amaitu zuten ibilbidea.
Han ere sagardoaren ekoizpen prozesuari buruzko hainbat xehetasun jaso, eta nola ez, goiza edari preziatua dastatuz amaitu zuten parte hartzaileek.
Bisita gidatu berri hau, tarteka berriz antolatu asmo dute 650 Usurbil Bizi herri egitasmotik. Datorren bisita hain zuzen, igande honetarako, maiatzaren 18rako iragarri dute.
Hirugarren txangoa hain zuzen, 42. Sagardo Egunerako antolatu du 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak. Aurreko bi irteeretan egin bezalaxe, maiatzaren 18koan ere NOAUA! Kultur Elkartearen egoitza ondoko Sagardoaren plazatik abiatuko dira parte hartzaileak goizeko 10:00etan. Aranerrekako parketik gora Egiluze baserriraino igo eta hango tolarea ezagutzeko aukera izango da. Gero, handik bueltan, herria Sagardo Egun betean izango den unean hain zuzen, bertara “gerturatuko gara. bertan pintxo bat eta edalontzia, sagardo dastaketa egiteko, emango dizkiegu bisitariei”. Gehienez 14 lagunentzako lekua egongo da hiru bat ordu iraungo duen eta irisgarria izango ez den bost kilometroko txango honetan. Izena ohi bezala, aurrez eman beharko da, 650usurbilbizi.eus webgunean.
650 Usurbil Bizi bisita gidatuak
Maiatzak 18, igandea
10:00-13:00 Usurbilgo sagardo kultura, sagardoaren eskulturaren plazatik.
Maiatzak 24, larunbata
11:00-12:15 Salbatore elizaren ondarea bisita gidatua.
Maiatzak 25, igandea
11:00-12:15 Museo Irekia bisita gidatua (erdaraz).
Maiatzak 28, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.
Maiatzak 30, ostirala
10:00-11:15 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.
Ekainak 7, larunbata
11:00-12:15 Gerraren Memoria ibilbidea.
Ekainak 8, igandea
11:00-13:15 Museo Irekia eta Zumeta Estudiora bisita gidatua.
Ekainak 21, larunbata
11:00-12:30 Salbatore Elizaren ondarea eta organo erakustaldia.
Ekainak 22, igandea
11:00-12:15 Museo Irekia bisita gidatua.
Ekainak 25, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.
Maiatzak 27, ostirala
10:00-11:15 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.
Informazio gehiago eta erreserbak: 650usurbilbizi.eus