Oztopo zirkuituan parte hartzeko aukera edonorentzat

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 14a, 08:15

Eskola Kiroleko topaketa antolatu dute larunbat honetarako, maiatzaren 17rako; oztopoen zirkuitua. Oraingo hitzordu honetan, ordea, herritar orok parte hartu ahalko du.

Tarteka antolatu ohi duten Eskola Kiroleko topaketa erakargarria larunbat honetan, maiatzaren 17an Oiardo kiroldegi pareko zelaian. Izan ere, "OCR oztopo zirkuitua" prestatu dute lehenbizi, Zirimara eta Zirimara Multikiroletako LH 3-6 arteko gaztetxoentzat. Goizeko 10:00etan hasita bi ordu eta erdiz, txandaka parte hartu ahalko dute. Amaieran, 12:30ak aldera, ordea, oraingo honetan herritar orok parte hartu ahalko du ikusgarria den erronka honetan. Antolatzaileen esanetan, "urtez urte indarra hartzen doan arren, nahiko berria den kirol modalitatea da OCR. Oztopo lasterketak dira OCR deiturikoak (ingelesezko izena: Obstacles Courses Racing) eta bertan lehiakideek hainbat erronka fisiko gainditu behar dituzte".

Horien artean dira, besteak beste, "hormak eskalatzea, objektu astunak garraiatzea, ur ibaiak edo lakuak zeharkatzea, hesien azpitik herrestaka ibiltzea edota elementu desberdinetatik zintzilikatzea. Oztopo asko entrenamendu amerikarretan erabilitakoen antzekoak dira; beste batzuk, berriz, oztopo-lasterketetan soilik erabiltzen dira, eta erresistentzia, indarra, abiadura eta trebetasuna lantzen dira".

Iragarri dutenez, "ekintza dibertigarri eta desafiatzailea izango da larunbatekoa, animatu eta parte hartu, haurrek (eta akaso gurasoek ere) ez dute sekula OCR probatu zuten eguna ahaztuko!".

Maiatzak 17, larunbata
Oztopo zirkuitua:
10:00 LH 3-4.
10:45 LH 5.
11:30 LH 6.
12:30 Herritar orori irekia.
Tokia: Oiardo kiroldegi aurreko zelaia.



Zirimaran izena emateko garaia
Haur eta gaztetxoen aisialdi ereduan azken urteotan eragiten ari den Zirimara proiektuaren parte hartzaile izan nahi dutenei begirako ohar garrantzitsua segidan. Urrian abiaraziko duten 2025-26 ikasturterako izena emateko aukera dago hilaren 23ra arte.

Usurbilgo erdigunera, Aginagara eta Zubietara hedatuko da eskaintza hau. LH1-6 arteko gaztetxoei zuzendua egongo da, Zirimara gisa LH1-4 mailakoentzat, Zirimara Multi gisa eskainiko da LH 5-6 mailetakoentzat. Horrez gain, 0-6 urte artekoentzako Zirimara familian egitasmoa eskaintzen segiko da, urriaren 1ean hasi eta hurrengo urteko maiatzaren 30era arte.

Izena emateko epealdia amaitu artean, Zirimara hurbiletik ezagutzeko ate irekien hainbat saio antolatu dituzte. Iragan asteko aldizkarian argitaraturiko iragarki honetan dituzue xehetasunak: