Ostegun honetan, maiatzaren 15ean hasita, guztion hizkuntza ohituretan eragitea xede duen hamaika eguneko ekimena abiaraziko dute; tartean, aipatu moduan, Euskaraldian aktiboki parte hartzeko bat egin duten entitateek. Azken egunotan, konpromiso hori irudikatzen duten talde argazkiak helarazten ari dira. Segidan dituzue orain arte jasotakoak; Usurbilgo udalbatza osatzen duten udal ordezkariena, Santuenea Kultur Elkartekoena, Ta Puntu Kooperatibakoena, Lanbide Eskolakoena edota Urbil merkatal gunekoena. Azken orduotan, beste bi entitateren atxikimendu irudiak jaso ditugu; Orbeldi dantza taldekoena eta Elhuyarreko lantaldearena.
"Entitateak aipatzen direnean, kontzeptuak askotariko eremuak barne-biltzen ditu, izan ere, lantokiak badira entitate, baina baita kirol edo kultur elkarteak, eta dendak edo tabernak ere". Usurbilen askotariko entitateek bat egin dute abiatzear den laugarren Euskaraldiarekin. Gogoan izan, edizio honetan izango duten inplikazio maila nolakoa izango den erabaki ahal izan dute.
Entitateak
Oinarrizko lanketa:
1-INFORMATU. Belarriprest eta ahobizi rolen inguruko informazioa entitateko kideen artean zabaldu, eta izena ematera animatu, horretarako erraztasunak jarrita.
2-PRESTATU. Entitateek kideei euskararen erabilera sustatzeko prestakuntza eskaintzea aztertuko dute, horretarako baliabideak izango dituzte webgunean.
3-EUSKARALDIA IKUSGARRI EGIN. Izena ematen duen entitateak ariketa badatorrela ikusgarri egingo du: espazioak apainduz, ekintzak antolatuz, barne zein kanpo komunikazioan hartutako neurriak edo egingo diren ekintzak jakinaraziz…
Lanketa sakona:
Hori aukeratuta, koordinazio orokorretik baliabideak eskainiko zaizkie aparteko lanketak egiteko, besteak beste:
- Ariguneak sortu: euskaraz lasai aritzeko guneak.
- Komunikazioak euskaraz egin: bilerak, mezuak eta bestelako komunikazioak euskaraz zabaldu.
- Mintzodromoak antolatzea; entitate barruan lasai euskaraz hitz egin ahal izateko
- Mintzatratuak adostea entitateko kideen artean
- Hiztegi kutxa; entitatearen arloko euskarazko hiztegia ezagutu eta erabiltzeko
- ….
Azken lanketa hauek egiteko, intraneteko sarbidea eta aholkularitza izango dituzte eskura entitateek.
Izena emateko: https://euskaraldia.eus/entitateak/