Lanak "martxa onean" doaz, hala adierazi dute Eusko Jaurlaritzaren eta Usurbilgo Udalaren ordezkaritzek asteazken goiz honetan, Usurbilgo tren-geltoki berriko obretara eginiko bisitan. Beranduenez jota urte amaierarako edota 2026a hasterako funtzionamenduan egongo dela aurreikusi dute.
Gogoan izan, irisgarritasuna bermatuko du gune berrituak. Garai bateko N634 errepide gaineko Etxealdiako zubia ordezkatuko duen pasabide berritik heldu ahalko gara. Pasabide horretatik igogailu eta eskaileren bidez jaitsi ahalko gara geltoki berrituak izango dituen nasetara, baita Atallura ere. Izan ere, orain arteko tren pasabide arriskutsuak ezabatuko ditu garatzen ari diren proiektuak eta Etxealdiako San Esteban kaleko pasabide horri geltoki berriari lotuko zaio eta trenbide gainetik Atallu alderaino luzatuko da. Aipatu moduan, hor ere, geltokira jaitsi eta igotzeko bezala igogailua eta eskailerak izango dira.
Segidan duzue, Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren sailak Eusko Trenbide Sarearen bidez, gaur goizean jakinarazitako hainbat datu:
Tren-geltoki berria
Aurrekontua: 9,3 milioi euro.
Egiten ari diren lanak:
-Hiru trenbide-pasagune kentzea (horietako bi nasen artean) .
-N634 errepide gaineko pasabide berria jartzea: ia 20 metroko luzera eta 3 metroko pasagune librea izango ditu. N634 errepideko autobus geltokiarekin igogailu eta eskaileren bidez lotua egongo da.
-Ekialderantz ehun metro lekuz aldatuko da geltokia, "kabalgabia" erako eraikin batekin: "oinplano angeluzuzeneko bolumen bakarrekoa" 231 metro karratukoa izango da. Sarbide nagusia ekialdeko fatxadan izango du, N634 errepide gaineko pasabide berriaren maila berean.
-Geltokia eta Atallu lotuko dituen pasabidea %3,3ko maldadun arrapala izango du igogailuarekin eta eskailerekin.
-Atari nagusia: bertan, txartelak saltzeko makinak eta geltoki buruaren gela kokatuko dira.
-Bigarren mailako ataria: handik bi nasetara jaitsi edo haietatik igotzeko bietan igogailuak eta eskailerak izango dira.
-Nasak: 20 metroko markesina zentralekin estaliko dira. Bi nasa izango ditu Usurbilgo geltokiak, trenbide bakoitzeko bana. Izan ere, "geltokia zuzeneko bi trenbidek eta amaieran topea duen bazterbide batek osatuko dute".
-Kanpoko egitura: "bolumen trinkoa" izango du; "atariari argi naturala emango dioten eta materian erresistente, funtzional, antibandaliko eta mantentze errazez estalita egongo diren leiho handiz zulatua" egongo da.
Lanen kronologia (aurreikusitakoa):
-Ekaina hasiera: N634 errepide gaineko pasabidea ekaina hasieran jartzea aurreikusten dute.
-Uztaila amaieran: Orio aldera joateko noranzko nasa martxan jarriko dute, egun jada funtzionamenduan dagoenaz gain.
-Lanen amaiera: 2025. urte amaiera, 2026. urte hasiera.
Aginagako tuneleko lanak
Egingo diren lanak: 1.329 metroko luzeradun "tunela egingo da trenbide bakoitzean".
Lanen kronologia:
Hasiera: iragan astean ekin zieten lanei.
Datozen egunetan: "Donostia aldeko tunelaren ahokaduraren sarrerako bideetako eta ahokadurako bertako zuhaitzen mozketa eta belar-sastraken garbiketa lanen hasiera".
Maiatzean: "Txokoaldeko zubiko habe aurrefabrikatuak plantan fabrikatzeko prozesua" hastea aurreikusia dute.
Ekainaren 2tik aurrera: Txokoaldeko Altzonazko zubia itxi egingo da, birgaitze lanekin hasteko.
Lanon eragina: trenbide berriak 1,5 kilometro moztuko du ibilbidea eta bi minutu aurreztuko du Orio eta Usurbilen arteko trenen joan-etorria. Trenbidea bikoiztuko dutenez, gainera, "bidaiarien eta salgaien unitateak gurutzatu ahal izango dira". Ondorioz, 15 minuturo eskaini ahalko da tren zerbitzua.