Tren-geltoki berriko lanak zertan diren bisitatzen izan da asteazken goiz honetan, Eusko Jaurlaritzaren eta Usurbilgo Udalaren ordezkaritza bana. Bisita horren amaieran, adierazpenen tartean, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak obrak martxan onean doazela ikustea albiste pozgarritzat jo du Usurbilgo herriarentzat, "izan ere tren-geltoki berri hau proiektu estrategikoa da gure herriarentzat, arrazoi desberdinengatik".
Arrazoi horien artean, aipatu duenez, batetik, "garraio publikoa eta, kasu honetan, tren zerbitzua nabarmen hobetuko da, batez ere tren-geltokia eta kaxkoa hurbildu egingo direlako". Bien artean, lotura irisgarria bermatuko da etorkizunean eta "hori bada aurrerapauso garrantzitsu bat".
Horrez gain, "tren-geltoki berriko obrarekin batera, Usurbilgo Udala kaxkotik tren-geltokira datorren lotura nagusia, San Esteban kalea berrurbanizatzen ari gara. Lehen ibilgailuak nagusi ziren tokian, orain, oinezkoek eta bizikletek dute lehentasuna". Erabat irisgarria izango den lotura horretatik heldu ahalko gara etorkizunean geltoki berrira, pasarela eta igogailu berrien bidez.
Lankidetzari gorazarre
Ildo horretan, Usurbilgo alkateak nabarmendu nahi izan du "Eusko Trenbide Sareak (ETS) burutzen ari den tren-geltokiko obra eta Usurbilgo Udala burutzen ari den urbanizazio proiektu horiek bateragarri egin eta uztartzeko ETS-tik egon den borondatea eta izan dugun elkarlana". Lankidetza horregatik eskertu nahi izan ditu Usurbilgo alkateak ETS eta Eusko Jaurlaritza, "Usurbil haien agendan kokatzeagatik. Izan ere, proiektu hau aspaldikoa da, 2020an berriro hartzen da. Guk uste genuen bazeukala ETS-k zor historikoa Usurbilekin eta iruditzen zait zor hori kitatzen dela proiektu honekin".
Egitasmoari esker, "garraio zerbitzua indartuko da, trenera hurbiltzeko moduak hobetu egingo dira eta horrez gain, segurtasunean ere asko irabaziko dugu. Izan ere, tren-geltokia mugitu izanak ekarriko duelako gure herrian geneukan tren pasabide arriskutsu bat ezabatzea".