Euskaraldia 2025

Euskaraldiaren abiatzea gaur, herri kalejira eta txupinazoarekin

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 15a, 11:08

Iritsi da eguna. Laugarren Euskaraldia abiatzera doa gaur kalean. Herri kalejira eta txupinazoarekin emango zaio hasiera hamaika eguneko ariketa kolektiboari.

Heldu da geure hizkuntza ohituretan eragiten hasteko hamaika eguneko ariketa kolektiboa abiatzeko garaia. Euskal Herri osoan bezala, Usurbilen ere gaur ekingo zaio laugarren Euskaraldiari, herritarrak bildu nahi dituen plaza publikoan. Izan ere, musikak edo kantuak giroturiko herri kalejirak emango dio hasiera udalerri honetan, hamaika egunez euskararen erabilera handitzea xede izango duen ekimenari.

Hilabeteotan Euskaraldia Usurbilen prestatu eta dinamizatzen aritu den herri batzordeak abiatzeko ekimenak iragarri ditu ostegun arratsalderako; aipaturiko herri kalejira girotua lehenik eta txupinazoa gero. Ekitaldi horretan, gainera, Euskal Herrian gainerako lekuetan plazaratuko den manifestu bateratua irakurriko dute.

Horrez gain, oraindik ere, ekimenarekin bat egin duten herritarren artean txapa beharrean den inor egonez gero, gaur arratsaldean zehar horretarako mahaia jarriko du Euskaraldiaren herri batzordeak.


4. Euskaraldia
Maiatzak 15, osteguna
Laugarren Euskaraldiaren hasiera:
18:30
Kalejira udaletxetik abiatuta, kantujira, trikitilari eta buruhandiekin batera.
20:00 Euskaraldiari ekiteko txupinazoa Mikel Laboa plazan, sagardoz eta pintxoez lagunduta.
Arratsaldean zehar,
Euskaraldirako izena eman eta txapak eskuratzeko aukera.

Maiatzak 16, ostirala
16:30
Euskal sortzaileen abestien bingo musikatua Agerialdeko patioan guraso eta ikasleentzat. Animatu parte hartzera! Ikastolan ere elkar mugituz egingo dugu!
Txartelen prezioa: 50 zentimo. Aldez aurretik eskatu beharko zaizkio irakasleari, dirua gelara eraman eta egunean bertan seme-alabarekin helaraziko zaizkio.
Ondoren, txokolatea banatuko da.
Antolatzailea: Udarregi ikastola.

Izen-ematea eta argibide gehiagorako: euskaraldia.eus