San Ixidro Eguna

Herri kirolen sustapenagatik, eskertza eta omenaldi hirukoitza

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 15a, 14:29

Herri kirolak sustatzen aritu eta iaz zendutako bi herrikide eta aurtengo kidea eskertu eta omentzeko baliatu dute gaurko San Ixidro Eguna.

Bapo jan eta edan eta herri kirolen erakustaldia antolatzeaz gain, eskertzarako tartea hartu dute ostegun honetako, maiatzaren 15eko San Ixidro Eguneko antolatzaileek. Iaz, Usurbilen herri kirolak urte luzez sustatzen aritzeagatik bi herrikide ezagun omendu zituzten; Euxebio Txapartegi eta Joxe Ramon Sarasola. Zoritxarrez, omenaldi egunetik aste gutxira zendu zen Sarasola.

Handik hilabete gutxira hil zen baita zeregin hauetan jardundako Joxe Mari Etxarri. Biak ala biak oroitu dituzte 2025eko baserritarren ospakizun egun honetan. Antolatzaileek azaldu duten moduan, "urtero egiten dugu hemen, halako eskertza ekitaldi bat. Iaz , eskertza hori Joxe Ramon Sarasolari egin zitzaion. Handik oso denbora gutxira joan zitzaigun. Herri kiroletan lan asko egindakoa, saiatutakoa, eta antolakuntzan indar handiarekin jardundako Joxe Mari Etxarri ere joan den urtean joan zitzaigun gure artetik, haientzat bientzat eskatzen dugu txalo bero hau. Zaudeten tokiraino, txalo hauek zuentzat dituk, eskerrik asko!".

Iaz omendutako bigarren herrikidea Euxebio Txapartegi omenaldi gunean bertan zen eta pozarren txalotu dute baita aurten bueltan izatea.

Joandakoak oroitzeaz gain, aurten beste herrikide baten ekarpena eskertu nahi izan dute; Arratzaingo Joxe Mari Mendiluze Azkuerena. "Joxe Mari Arratzainen bizi den igeldoarra. Honek ere urte asko pasa ditu Dema plaza honetan bai demak antolatzen bai idiei tiraka. Herri kiroletan beti sartuta egon den pertsona. Gaur eskerrak eman nahi dizkiogu", nabarmendu dute San Ixidro Eguneko antolatzaileek. 

Txalo artean harrera egin eta txalo artean jaso du, gero idi-deman epaile lanetan jardundako Jose Ignazio Saizar "Luxarbe"-k emandako oroigarria. Gaurko ospakizun egun honen antolatzaile Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatibako ordezkaritzaren eskutik, bestalde, otar eder bat jaso du Mendiluzek. "Eskerrik asko Joxe Mari, egindako lanengatik", esanez agurtu dute txalo artean.

San Ixidro egun hau bertsotan girotzen aritu dira Ane Labaka eta Beñat Gaztelumendi. Biek zenbait bertso eskaini dizkiete aurtengo omenduari.