Ekin hizkuntza ohituretan eragiteari, abiatu da eta 4. Euskaraldia. Ahobizi eta belarriprestekin batera, gutxienez Usurbilgo 30 entitate baino gehiagok bat egin dute ariguneen bidez hasi berri den 4. Euskaraldiarekin.
Egunotan erakusten ari garen moduan, atxikimendu hau irudikatzen ari dira entitateok NOAUA!ra helarazitako talde argazkien bidez. Azken orduotan ikusi ahal izan dugunez, Udarregi ikastolak, Aginagako eskolak, Hurbilago elkarteak edota Artzabal jatetxeko lantaldeak bat egin dute euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin erabiltzeko hamaika eguneko konpromisoarekin. Albiste honetan atxikiak dituzue atera dituzten talde argazkiak, azken egunotan jasotzen joan garenekin batera.
Izan ere, argazki gehiago jaso ditugu pasa den astetik hona. Besteak beste, Usurbilgo udalbatza osatzen duten udal ordezkariena, Santuenea Kultur Elkartekoena, Ta Puntu Kooperatibakoena, Lanbide Eskolakoena, Urbil merkatal gunekoena, Orbeldi dantza taldekoena eta Elhuyarreko lantaldearena.
"Entitateak aipatzen direnean, kontzeptuak askotariko eremuak barne-biltzen ditu, izan ere, lantokiak badira entitate, baina baita kirol edo kultur elkarteak, eta dendak edo tabernak ere". Usurbilen askotariko entitateek bat egin dute abiatzear den laugarren Euskaraldiarekin. Gogoan izan, edizio honetan izango duten inplikazio maila nolakoa izango den erabaki ahal izan dute.
Entitateak
Oinarrizko lanketa:
1-INFORMATU. Belarriprest eta ahobizi rolen inguruko informazioa entitateko kideen artean zabaldu, eta izena ematera animatu, horretarako erraztasunak jarrita.
2-PRESTATU. Entitateek kideei euskararen erabilera sustatzeko prestakuntza eskaintzea aztertuko dute, horretarako baliabideak izango dituzte webgunean.
3-EUSKARALDIA IKUSGARRI EGIN. Izena ematen duen entitateak ariketa badatorrela ikusgarri egingo du: espazioak apainduz, ekintzak antolatuz, barne zein kanpo komunikazioan hartutako neurriak edo egingo diren ekintzak jakinaraziz…
Lanketa sakona:
Hori aukeratuta, koordinazio orokorretik baliabideak eskainiko zaizkie aparteko lanketak egiteko, besteak beste:
- Ariguneak sortu: euskaraz lasai aritzeko guneak.
- Komunikazioak euskaraz egin: bilerak, mezuak eta bestelako komunikazioak euskaraz zabaldu.
- Mintzodromoak antolatzea; entitate barruan lasai euskaraz hitz egin ahal izateko
- Mintzatratuak adostea entitateko kideen artean
- Hiztegi kutxa; entitatearen arloko euskarazko hiztegia ezagutu eta erabiltzeko
- ….
Azken lanketa hauek egiteko, intraneteko sarbidea eta aholkularitza izango dituzte eskura entitateek.
Izena emateko: https://euskaraldia.eus/entitateak/