Ostegun arratsalde honetan herrian barrena egin den kalejirarekin eman zaio hasiera, hamaika eguneko iraupena izango duen laugarren Euskaraldiari. Denetariko osagaiak izan ditu, ohi bezala lankidetzan bideratu den hitzorduak.
Azken hilabeteotan, Euskaraldia prestatu eta dinamizatzen aritu den herritarren batzordeak antolaturiko hitzordura batu dira Usurbilgo Euskal Kantu Taldea, Zumarte Musika Eskolako trikiti taldea eta baita buruhandiak ere!
Osagaiokin, bistan denez, belaunaldi ezberdinetako herrikideak erakarri ditu Euskaraldiari harrera egiteko Usurbilgo erdigunea zeharkatu duen kalejirak. Udaletxe atariko plazan abiatu da eta zenbait geltoki izan ditu bidean; Dema plaza, Sagardoaren plaza, Artzabalgoa, Munalurrakoa, Mikel Laboa plaza, eta, azkenik, manifestua irakurri eta txupinazoa jaurti den Askatasuna plaza.
Geltoki hauen guztien arteko bidea Zumarte Musika Eskolakoko trikitilari eta panderojoleek girotu dute baita buruhandiek ere. Lasterka bizian ikusi dugu gaztetxo mordoa. Geltokietan, aldiz, euskarari gorazarre egin dioten kantu ezagunak abesten aritu dira Kantu Taldekoak eta haiengana inguratutakoak.
Entitateen atxikimendua Euskaraldiari
Aipatzekoa da, herri kalejira honen ibilbidea bera. Izan ere, bidean, laugarren Euskaraldirako izena emana duten eta gaurtik hamaika egunez hartua duten konpromisoa gauzatzen hasiko diren hainbat entitateen paretik igaro dira parte hartzaileak. Entitateotatik igaro ahala, kasuan kasuko kideek Euskaraldiaren banderola eta kartela jarri dituzte; hala ikusi dugu, esaterako, Usurbilgo Udalaren kasuan. Balkoian eseki dituzte banderolak. Esaterako, Ta Puntu kooperatibakoek ere gauza bera egin dute kalejira haien egoitza paretik igarotzerakoan.
Kalejira honen helburua hain zuzen horixe zen; "Usurbilgo entitateak Euskaraldiari atxikipena adieraztea ekintza kolektibo honen bidez".