Botila ireki, edalontzira sagardoa zerbitzatu, edalontzia goratuz Sagardo Egunari gorazarre eginez hasten du herrikide edo herri eragileren batek urtero usurbildarren urteko jaiegun seinalatuena; jaialdi honi hasiera ematen dion omendua izan ohi da.
Aurtengoan, baten faltan bi izango dira merezitako aitortza jasoko dutenak; biak ala biak ezin ezagunagoak. Ziortza Gazte Elkarteak eta Zumarte Musika Eskolak emango diete hasiera ofiziala maiatzaren 18ko 42. Sagardo Egunari. Biek 40 urte bete dituzte, eta biekin hartuemanetan jarri garenean poztasuna eta urduritasuna adierazi digute. Beste ezer baino lehen esker ona, antolakuntzatik, Sagardo Egunaren Lagunak taldetik jasotako gonbitari. “Ezuste handia izan da. Baina oso pozik” jaso dute hasiera ekitaldian parte hartzeko proposamena Zumarte Musika Eskolakoek, “oso eskertuak gutaz oroitzeagatik”. Gogotsu heldu diote erronkari, izan ere “guretzako kontu handia da Sagardo Egunari hasiera ematea”.
Ildo beretik mintzatu zaizkigu Ziortzatik ere. “Ezusteko handia izan da, inolaz ere ez genuen espero. Baina gugan pentsatu dutelako oso pozik gaude. Izan ere, usurbildarrontzat hain berezia den egunean halako aukera bat izatea ez da askotan gertatzen. Ohore handia da guretzat”.
Ezustea, poza, eta urduritasuna ere eragin diete bi omenduei. Izan ere, “oraindik hor gabiltza, oholtzara igotzeko ausarta nor izango den erabakitzen. Ardura handia da guretzat egun handi horri hasiera ematea”, Ziortzatik NOAUA!ri aipatu diotenez. Antzeko egoeran dira Zumarten ere. “Nor aterako da? Ez dakigu nor. Usurbildarra izan behar duela argi dugu, Sagardo Egunarekin lotura duena, baina hautagai asko ditugu”.
“Oso polita izango da”
Modu batean edo bestean, Sagardo Egunaren hasiera ekitaldiak 40 urte betetako Zumarte eta Ziortza elkartuko ditu oholtza gainean, baina bigarrenez. Izan ere, mende laurdeneko ibilbidea osatu zutenean ere, 2010. urteko Sagardo Eguna abiatzeko ohorea izan zuten bi herri eragileok.
Berriz elkartuko ditu jaialdi honek igandean, oholtza gainean. Bien arteko hartuemana, ordea, askoz haratagokoa da. “Zumarteko zuzendaritzako taldekideak Ziortzan ibilitakoak gara, lehenbizi gazte moduan, gero begirale gisa. Gure seme-alabak baita, eskolako ikasle hainbat ere. Oso polita iruditzen zaigu Ziortzakoekin batera Sagardo Egunari ekitea”. Ziortzatik ere diotenez, “oso polita izango da Zumarterekin oholtza eta bion urtemuga partekatzea”. Batean zein bestean dagoen boluntariotza lana azpimarratu digute, baita uneak berak haientzako duen esanahaia ere; aitortza kolektiboarena. “40 urteotan jende asko izan da Zumarteko kide. Haientzako ere aitortza da”.
"Oso eskertuak gaude"
Ibilbideari gorazarre egingo dio omenaldi honek Ziortzakoen esanetan. “40 urteotan aritutakoek esker heldu gara urtemuga honetara. Gerora, elkartean egon ez arren, beste modu batera Ziortza babestu duten guztiei esker. Oso eskertuak gaude. Oso babestuak sentitzen gara jasotako erantzunarekin”. Bide batez, halere, haratago joan nahi dute: Zumartetik uneak irudikatuko duen lankidetzari egin diote azpimarra eta Ziortzatik “herriko talde guztietan egiten den lana” goraipatu dute.
Bien kasuan, 40. urtemuga ospatzear dira. Maiatzaren 23ko asteburuan ospakizun jaialdian barneratuko dira Ziortzakoak. Zumartekoek hainbat ekitaldi iragarri dituzte asteotarako, ekainaren 14ko jaiegunaren aurretik. Bientzat urtemuga jaialdiei begirako txupinazo ederra izango da Sagardo Egunekoa.
Jaialdia girotzen
Hasiera ekitaldian parte hartuko duen Zumarte Musika Eskolak bigarren hitzordu bat ere izango du 42. Sagardo Egun honetan. Izan ere, trikitilari taleak girotuko du jaialdia urtero moduan.