Buruntzaldea euskaraz

Saridun bat Usurbilen, gidabaimena euskaraz atera dutenen artean

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 16a, 14:24

Buruntzaldean iaz gidabaimena euskaraz atera zutenen arteko zozketa egin dute eguerdian Hernanin, eskualdeko udalek. Zozketak saridun bat du Usurbilen.

Gidaibaimena euskaraz ateratzeak saria izaten du Buruntzaldean; 400 eurokoa hain zuzen. Alor honetan ere euskararen erabilera sustatzeko eginiko ahalegina aintzakotzat hartu nahi izaten dute urtero egiten duten zozketarekin. Ostiral honetan, maiatzaren 16an egin dute aurtengoa, Hernaniko udaletxean. Iaz, Buruntzaldean gidabaimena euskaraz prestatu eta gainditutakoen artean egin dute zozketa hori. Ekitaldiak eskualdeko ordezkaritza politikoa, teknikoa eta autoeskolena elkartu du.

Eskualdeko sei udalerrietako bakoitzean (Andoainen, Astigarragan, Hernanin, Lasarte-Orian, Urnietan eta Usurbilen) kokaturiko autoeskola kopuru adina lagun saritu dituzte. Usurbilen autoeskola bakarra egonik, saritu bakarra izan da zozketa horretan; Jon Honich Iriberri hain zuzen. Zorionak!

Guztira, eskualde mailan zazpi lagun saritu dituzte; Andoainen, Astigarragan, Urnietan eta Usurbilen lagun bana eta hiru Hernanin. Lasarte-Orian ez da sariturik izan. Egitasmo honen bultzatzaileek argitu dute zergatia. "2024 urtean Buruntzaldeko 9 autoeskolek hartu zuten parte egitasmoan eta guztira 10 sari zozketatu behar ziren, nahiz eta Lasarte-Orian parte-hartzerik egon ez denez, eta Andoainen bakarra, azkenean 7 sari izan dira".

Materiala eguneratzen joateko deia
Udalen eta autoeskolen arteko lankidetzatik abiatu zuten egitasmo hau 2010. urtean. Ordutik, 1.300 lagunek baino gehiagok hautatu dute euskara gidabaimena eskuratzeko. "Egitasmo honen hartzaileak gazteak dira, nagusiki, D ereduan ikasi duten gazteak. Belaunaldi horiei eskolaz kanpoko jarduera hori ere euskaraz eskaintzea ezinbestekoa da, egunerokoan euskaraz aritzeko beste espazioa irabazten baitugu", egitasmo honen sustatzaileen esanetan.

Bide horretan, urrats garrantzitsutzat jo zuten autoeskolen federakuntzaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzatik aurreko urtean gidabaimena prestatzeko plazaraturiko "material txukuna eta erakargarria. Lan horrek erraztu egingo du bidea hemendik aurrera. Hori bai, ez da ahaztu behar, eta Eusko Jaurlaritzari egin diote honetarako deia, bereziki, material hori guztia eguneratzen joan behar dela, benetan erabilgarri izaten jarrai dezan".

2025ekoa martxan
Aurtengo kanpaina abiarazi dute baita. Interesdunek xehetasun gehiagoren berri jaso dezakete, eskualdeko autoeskoletan eta udaletxeetan edota baita online ere, euskara.buruntzaldea.eus atarian eta haren sare sozialetan.