Sagardo Eguna

Adi trafiko mozketei

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 16a, 15:56

Sagardo Eguna eta Itzulia Women txirrindularien lasterketa tarteko, ohi baino bide mozketa gehiago izango dira igandean.

Urterokoa eta ezaguna da segidan datorren ohar hau, baina aurtengoak berezitasun bat izango du. Sagardo Egunez, Usurbilgo jaietan hainbat uneetan gertatu moduan, ibilgailuen joan-etorria eten egiten da herri erdiguneko kaleetan. Aurtengoan ere hala izango da. Goizeko 10:00etan hasi eta arratsaldeko 20:30ak arte itxita egongo da Oxtapeko sarbidea. Herri erdiguneko jai eremua ere ibilgailuen joan etorrirako etenda egongo da ohi bezala.

Ezohiko geltokiak
Horrez gain, Lurraldebusek urtero egin ohi duena; udaletxe ondoko geltokia ezabatuko du bere ibilbidetik Sagardo Egunez. Ondorioz, Aginaga alderantz nahiz Donostiarantz doazen UK09 zerbitzuko autobusak San Inazioko biribilgune ondoko geltokian geratzen dira. Bestetik, Usurbil eta Hernani lotzen dituen BU10 zerbitzuko autobusak Atallutik abiatuko dira egun osoan zehar, ez dira San Inazio kaleraino igotzen.

Itzulia Women
Adi, ordea. Orain arteko horiek ez dira izango aurtengo 42. Sagardo Egunez, mugikortasunari dagokionean, aipatu beharreko aldaketa bakarrak. Izan ere, herri hau jaialdi betean izango den une berean, eguerdi partean, Itzulia Women lasterketako parte hartzaileak igaroko dira N634 errepidetik. Errekaldetik helduko dira Txikierdira. N634 errepidetik segiko dute eta Kalezar, herri erdigune parea eta Atxegalde ondotik jarraituko dute. Errepide beretik Aginaga zeharkatuko dute.

Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, udalerri hau 12:25-12:45 aldera zeharkatuko dute emakumezko txirrindulariek Donostian hasi eta Gipuzkoako hiriburuan bertan amaituko den itzuliko hirugarren eta azken etaparen baitan. Adi, beraz, tarte horretan, N634 errepidea itxita egongo da. "Lehenengoa iritsi baino ordu-erdi inguru lehenago moztuko dira errepiderako sarbideak", Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez.

Egoera honetan, udaltzaingotik ibilgailua "ahalik eta gutxien" erabiltzea aholkatu dute.

Uda giro lasaia
Aurtengoan, gainerakoan, eguraldiari dagokionez, giro lasaia izango da igandean, maiatzaren 18an. Uda giroko Sagardo Eguna izango omen dugu. Hala dio behintzat, Euskalmet meteorologia agentziak etzirako eginiko iragarpenak. Usurbilen "giro eguzkitsua" izango dugula aurreikusi du, "erdi mailako hodei eta goi-hodei batzuekin. Hegoaldeko edo hego-ekialdeko haizea ibiliko da; arratsaldean, brisa. Tenperatura minimoak gutxi igo eta maximoak nahikoa igoko dira". Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.