Sagardo Eguna

“Boluntariotza lan handia dago, uste baino askoz handiagoa”

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 16a, 15:21

Antolakuntzaren ikuspegitik, ziklo berria hasiko du 42. Sagardo Egunak. Izan ere, errelebo urtea dugu honakoa; aurreko taldearen lekukoa hartu du herrikide multzo berriak. Estreinakoz, antolaketa lanez arduratzen hasi diren edizioa izango da igandekoa. Talde berriaren hilabeteotako ibilbideaz mintzatu dira Sagardo Egunaren Lagunak bilgune eraberrituko bi kide NOAUA!rekin; Ane Irabazal eta Eider Makazaga.



Errelebo urte hau iaz hasi zen?
Ane Irazabal:
Iaz hasi ginen ikasten eta aurtengoa hastea izan da. Kontrolik ezaren sentsazioa ere izan dezakegu aurten, urte gehiagotan antolatzen segi ahala joango da. Oraintxe urduritasun hori badugu, ondo ari ote garen edo ez, zer moduz ikusten gaituzten, gu nola ikusten garen.
Eider Makazaga: Egun bakarra da. Erraz antolatu daitekeela dirudi, gauza txiki asko egoten da egiteko ordea.

Besteok ikusteko gai ez garenak.
A.I.:
Boluntariotza lan handia dago, uste nuena baino askoz handiagoa egunaren aurretik eta egunean bertan: muntaketa, sagardoa eta sukaldatu beharreko pintxoak zerbitzatzea, edalontzien salmenta, oholtza gaineko aurkezpen lanak, desmuntaketa guztia, bazkariaren antolaketa...
E.M.: Bederatziko lantaldea gara eta bederatzion artean den dena kontrolatu beharra dugu.

Nolakoa izan da lehen prestaketa urte hau?
A.I.:
Abenduan hasi ginen galdezka, maiatza gerturatzen ikusten baikenuen. Otsaila aldera hasi ginen.
E.M.: Urte amaierarako jada kezkatuak ginen, ez ginela antolatzen ari eta konturatzerako eguna gainean izango genuelako urduri. Aurreko taldeak hamarkada bat baino gehiago zeraman antolaketa lanetan. Berandu hasita ere modu mekanizatuan egiten zuten.
A.I.: Antolatzeko unean ikusi da haiek zer azkar egin zuten, dena papera eta boligrafoarekin. Gu ordenagailura eta dena goitik behera apuntatzera igaro gara.

E.M.: Hartara, hurrengo urteetarako ere hor izango dugu idatzia.

Nolatan animatu zineten aurreko taldearen lekukoa hartzera?
A.I.: 2023an hasi ziren aurreko taldekoak errelebo eske. Iaz, hedapen gehiago izan zuen deialdi hark eta jendea Sagardo Egunik egongo ote zen galdezka hasi zen. Hitz egiten hasi eta hiru belaunaldietako 9-10 lagun bildu ginen.
E.M.: Adin, kuadrilla eta inguru ezberdinetakoak gara. Sagardo Egunagatik izan ez balitz, ez ginen hain erraz bilduko.

Lehendik zer nolako hartuemana zenuten Sagardo Egunarekin?
E.M.:
Iaz parte hartu nuen botatzaile gisa, lehenbiziko aldiz eta azkenekoz. Orain ikusten dut benetan zer prestaketa lan duen egun honek. Neronek ere ez nuen baloratzen zer lan zegoen atzetik.
A.I.: Botatzaile gisa hasitakoan ohartzen zara zer den egun hau: bezperan urduri ea ondo zerbitzatuko duzun sagardoa, itxura ona emango ote duzun. Hiru urtez aritu naiz sagardoa zerbitzatzen, zoragarria izan da. Hemendik aurrera, horren falta da gehien igarriko dudana Sagardo Egunean. Botatzaile izatea zoragarria da, Sagardo Eguna barrutik bizitzen hasten baitzara. Zurea sentitzen duzu Sagardo Eguna.

Hortik antolaketarako jauzia naturalagoa da ezta?
A.I.: Dudarik gabe, desmuntaketatik eta muntaketatik hasten zara ikusten zer lan dagoen, udaletxeak ere zer lan egiten duen aurreko aste osoan. Brigadak badakigu gauzak ondo egingo dituela.

Zer laguntza behar duzue aurtengorako?
A.I.:
Botatzaile gisa urte askoan parte hartu dutenek mesedez laguntzea nahi genuke, gauzak errazteko. Ez dugu botere harremanik sortu nahi, elkarren artean denok laguntzea nahi dugu. Taldera batu nahi duena ongi etorria izango da.
E.M.: Gu baino urte gehiago dabiltza eta haien laguntza eskertzekoa litzateke.


Sagardogileekin hartuemanetan jartzerakoan zer jaso duzue?
A.I.:
Harrera oso ona. Usurbilgo Sagardo Eguna aitzindaria dugu, 1981etik antolatzen da. Ederra da beti sagardogileekin hitz egitea.
E.M.: Haiek ere hainbeste denbora da Sagardo Egunera datozela, azkenean esan duguna, zain ziren hainbat. Egun hau agendan seinalatua dute.

Kontziente ote gara Usurbildik kanpo Sagardo Egunak duen prestigioaz?
A.I.:
Sagardo Egun gehiago ospatzen dira, batzuk denborarekin desagertu dira. Sagardoa plazara ateratzea baloratzen dute sagardogileek. Kostu bat du. Guk ahal duguna egiten dugu irabazi asmorik gabeko egun bat baita. Hori ere baloratzen dute. Harrera oso ona du Usurbilgo Sagardo Egunak hemendik kanpo.

Herri barrura begira ere osasuntsu segitzen du jaialdi honek.
E.M.:
Beti galdetzen da zer nahiago dugun Sagardo Eguna edo Santixabelak. Askok Sagardo Eguna nahiago dugu.
A.I.: Sagardo Eguna gerturatu ahala, zurrumurrua izaten da herrian, zer eguraldi egingo duen... Denok zain izaten gara. Urte hasieran egutegian egun hori seinalatzen dugu.
E.M.: Eta astelehena jai hartzeko. Batzuk asteartea ere jai izaten dute.

Herria batzen laguntzen du.
A.I.:
Herria batzen du eta herri giro ederra sortu. Herri osoa ateratzen da. Herri mailan izaten den mugimendu handienetako bat da.

Azken egunotan zer duzue egiteke?
A.I.:
Bereziki gure orain arteko lan hori dena bateratzea dagokigu, geratzen diren lan txikiak egitea; azkeneko erosketak, postuetan behar diren gauzak eskuratu, sagardotegiak zer hurrenkeran jarriko ditugun erabaki...