Maiatzaren 17an eta 18an, "bi egunez Euskal Herriko 29 herrietan zehar, euskal presoek beraien zigorrak erregimen irekian betetzeko duten eskubidea eta beharra aldarrikatuko ditugu. Oraindik beraien zigorrak etxean betetzeko falta diren 58 preso horiek, zigorrak etxean bete ditzaten eskatuko dugu Lesakan hasi eta Iruñean amaituko den ekimenean". Guztira, "544 kilometro osatuko ditugu herriz herri, behin betiko konponbidea aldarrikatu eta oraindik etxerako bidea egiteko duten presoek bidea egin dezaten aldarrikatuz".
Antolatzaileek iragarri dutenez, "larunbatean hasiko dugu ekimena, hain zuzen goizeko 10:00tan Lesakatik abiatuta. Gipuzkoa igaro ondoren Bizkaia aldera gerturatuko gara arratsaldeko 19:00k inguruan Galdakaora iritsi eta lehenengo egunari amaiera emateko. Bigarren egunez, igandean, Berangon hasiko dugun bidean, Bizkaia eta Araba gurutzatuz berriro Nafarroara itzuliko gara, 19:00k inguruan Iruñera iritsi eta ekimenaren amaiera ekitaldiari hasiera emanateko. Igaroko ditugun 28 herrietan, konponbidearen puzzlearen zatiak jasoko ditugu banaka banaka. Konponbidea baita oraindik erregimen itxian dauden euskal presoak dituzten herrien errealitate eta nahia".
Usurbilen jada halako errealitaterik ez da. "Puzzlea osatu arte" ekimena aipatu egoera horretan diren presoen herrietan egingo da; Usurbilen ez, baina hemendik gertuen, Orion. Usurbildarrei bertara joateko dei egin die Sarek, larunbatean 15:15ean.
Puzzlea osatu arteko bidea egingo dutela iragarri zuen Sarek. "Gatazkak utzitako ondorioen konponbidean puzzle zati ugari kokatuak ditugu jada puzzlean. Halere, azkena kokatu arte jarraituko dugu lanean, puzzle zati guztiak puzzlean kokatzea baita herri honek duen beharra".
Saretik gogorarazi dutenez, "salbuespen lege eta politikak oztopo dira oraindik etxerako bidea egiteko duten 57 presoen kasuan. Sare Herritarraren ustez, ezinbestekoa da elkarbizitza agertokietara jauzi egin nahi badugu, gatazkak utzi dizkigun ondorioekin amaitzea. Ezinbesteko dugu behin betiko konponbidea. Zentzu horretan hartuko ditugu kaleak datozen egunetan, zentzu horretan aldarrikatuko dugu euskal gizarteak eta gure herriek puzzlea osatzeko duten beharra".