Askotariko hamarnaka entitateek bat egin eta laugarren Euskaraldian aktiboki parte hartzeko urratsa eman dute. Azken egunotan, Euskaraldia hilabete luzez prestatu eta dinamizatzen aritutako herritarren batzordetik eginiko deialdiari erantzunez, konpromiso hori irudikatzen duten entitateen talde argazkiak jasotzen ari gara.
Segidan dituzue, orain arte bildutakoak. Usurbilgo udalbatza osatzen duten udal ordezkariak, Lanbide Eskola, Udarregi ikastola, Aginagako Eskola, Zumarte Musika Eskola, Laneki-Jakinbai, Hurbilago Elkartea edota bertan dauden Usurbil Optika edota Artzabal jatetxea, Urbil merkatalgunea, TaPuntu eta Kirolean kooperatibak, Santuenea Kultur Elkartea, Elhuyar, Orbeldi Dantza Taldea.
Bistan denez, Usurbilen askotariko entitateek bat egin dute laugarren Euskaraldiarekin. Izan ere, "entitateak aipatzen direnean, kontzeptuak askotariko eremuak barne-biltzen ditu, izan ere, lantokiak badira entitate, baina baita kirol edo kultur elkarteak, eta dendak edo tabernak ere".
Gogoan izan, bi mailatako lanketa egiteko konpromisoa har zezaketela entitate hauek guztiek. Segidan dituzue xehetasunak:
Entitateak
Oinarrizko lanketa:
1-INFORMATU. Belarriprest eta ahobizi rolen inguruko informazioa entitateko kideen artean zabaldu, eta izena ematera animatu, horretarako erraztasunak jarrita.
2-PRESTATU. Entitateek kideei euskararen erabilera sustatzeko prestakuntza eskaintzea aztertuko dute, horretarako baliabideak izango dituzte webgunean.
3-EUSKARALDIA IKUSGARRI EGIN. Izena ematen duen entitateak ariketa badatorrela ikusgarri egingo du: espazioak apainduz, ekintzak antolatuz, barne zein kanpo komunikazioan hartutako neurriak edo egingo diren ekintzak jakinaraziz…
Lanketa sakona:
Hori aukeratuta, koordinazio orokorretik baliabideak eskainiko zaizkie aparteko lanketak egiteko, besteak beste:
- Ariguneak sortu: euskaraz lasai aritzeko guneak.
- Komunikazioak euskaraz egin: bilerak, mezuak eta bestelako komunikazioak euskaraz zabaldu.
- Mintzodromoak antolatzea; entitate barruan lasai euskaraz hitz egin ahal izateko
- Mintzatratuak adostea entitateko kideen artean
- Hiztegi kutxa; entitatearen arloko euskarazko hiztegia ezagutu eta erabiltzeko
- ….
Azken lanketa hauek egiteko, intraneteko sarbidea eta aholkularitza izango dituzte eskura entitateek.
Izena emateko: https://euskaraldia.eus/entitateak/