Azken urteon ildotik, 42. Sagardo Egunak ere indarkeria matxistarik gabeko gunea izango du gaur, Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez. Izan ere, Udalaren eskariz Emagin elkarteak dinamizatuko du gunea gaur, 18:00-23:00 artean, Mikel Laboa plazan (euriarekin Sutegin). "Gunearen helburua da jai giroan ere indarkeria sexistaren gaia ikusaraztea eta herritarrek kontzientzia hartzea. Emagin elkarteko kideak une oro izango dira gunea dinamizatzen, bertaratutakoei aholkularitza ematen eta zalantzak eta kezkak argitzen", berri eman dute Udaletik.
Herri erdigunean kokatuko duten gune hau hain zuzen, "herritar oro indarkeria matxistaz kontzientziatzeko jai-eremuan kokatzen den informazio gunea da. “Hainbat helburu betetzen ditu: emakume*, neska* gazte zein LGTBI+fobia pairatu dezaketen pertsonen askotariko erasoen gaineko bizipenak eta iritziak jasotzea; eraso horien gaineko informazioa zein horiei aurre egiteko tresnak eskaintzea, eta eraso matxistak ez gertatzeko gizon eta mutilak ohartarazteko gunea da, prebentziorako eta, erasorik gertatuko balitz, erantzuna bideratu ahal izateko".
Telefono zenbakiak:
Udaltzaingoa: 943 361 112.
Usurbilgo Udaleko Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuak: 943 377 110 (goizez).
SOS Deiak: 112.
Gizarte Larrialdietarako Zerbitzua, Gipuzkoako Foru Aldundia: 943 22 44 11 (7:00-21:00)
Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimen arreta, SATEVI: 900 840 111 (24 orduz)