Sagardo Eguna

Nagore Lertxundik jantzi du botatzaile onenaren txapela

Erredakzioa 2025ko mai. 18a, 14:49

Nagore Lertxundi nagusitu da aurtengo botatzaileen lehiaketan. Iñaki Zugasti bigarren izan da eta Manex Irazabal, hirugarren. Jendeak gogotsu jarraitu du hiru botatzaileen ariketa.

Irekiera ekitaldia eta gero hasi da sagardo botatzaileen lana. Tragoak banatzen ari ziren bitartean, antolatzaileak postuz postu ibili dira eta denen artean hiru botatzaile hautatu dituzte: Nagore Lertxundi, Iñaki Zugasti eta Manex Irazabal.

Eguerdiko 13:00ean hasi da lehiaketa. Ez da ariketa erraza, azken edizioetan bezala, baso bakarra zerbitzatu behar dutelako. Kolpe bakarra dutenez, lehenengoan asmatu behar dute. Ez dago bigarren tiraldi baterako aukerarik.

Lehiaketa hasi eta berehala, jendea erruz hurbiltzen hasi da oholtza ingurura. Botatzaileek ikusleen berotasuna sumatu dute lehen unetik. Jendearen erreakzioak azken erabakian eragin ote duen ez dakigu, baina hiru botatzaileen lana goraipatua izan bada ere, txalo eta animo gehien batu dituen botaldia Nagore Lertxundirena izan da.