Batak zein besteak 40 urte. Lau hamarkadako ibilbidea osatu dute herri mailan aurkezpen gutxi behar duten Zumarte Musika Eskolak eta Ziortza Gazte Elkarteak. Ibilbide oparo horri, herriari eginiko ekarpen itzela eskertzeko omendu ditu Sagardo Egunaren Lagunak bi eragileok. Zumartek eta Ziortzak eman diote hasiera aurtengo 42. Sagardo Egunari.
Goizeko 11:30etan frontoiko oholtza gainera igo dira bi eragileotako ordezkari bana. Antolakuntzak lepondoan jarritako Usurbilgo ikurdun lepokoa jantzi, sagardo botila bana ireki, edalontzira sagardoa zerbitzatu eta urteroko errituari segida emanez, edalontzia goratu eta bertaraturikoekin topa egin nahi izan dute. Aurretik, eskerrak eman nahi izan dizkiote Usurbilgo herriari, Sagardo Egunari merezitako gorazarrea egitearekin batera.
Bitxikeria moduan, bi eragileok bigarrenez elkartu ditu Sagardo Egunak. Izan ere, bai Ziortzak eta baita Zumartek ere 25 urte betetakoan ere jaialdi honi hasiera eman zioten elkarrekin, 2010. urteko edizioan hain zuzen.
Sagardo Egunak berriz elkartu ditu bi eragileok gaurkoan, bien 40. urtemuga tarteko. Urteurren ospakizun betean dira Ziortza eta Zumarte. Adi, asteotarako hainbat ekintza iragarri dituzte eta:
Ziortzak 40 urte
Maiatzak 23, ostirala
17:00 Tailerrak LH5-DBH4 bitarteko gazteentzat: Eiti, Oier Agirresarobe, Olatz Zabaleta eta Pello Ibargoyen.
Maiatzak 24, larunbata
10:00 Esnadeia.
10:30 Txupinazoa eta txokolatada Mikel Laboa plazan.
Ondoren, Strong Zumba saioa.
11:30 Gazteen erronka erraldoia.
12:00 Eskulan tailerrak haurrentzat Dema plazan.
14:30 Herri bazkaria Mikel Laboa plazan. Txartelak Txirristran eta Txiribogan salgai maiatzaren 15era arte:
-Gazte menua: mokadutxoak, paella, izozkia eta oroigarria. 12 euro.
-Helduen menua: barrengorriak saltsan, entsalada, paella, edaria, postrea, kafea eta edaria. 18 euro.
17:30 Ondoezik elektrotxaranga.
Horrez gain:
-Maiatzak 23 (17:00-19:30) eta maiatzak 24 (10:30-14:30): argazki erakusketa interaktiboa Sutegin.
-40. urtemugako produktuen katalogoa eskuragarri:
-Katalogoa.
-Galdetegia.
Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.
Zumartek 40 urte
Maiatzak 23, ostirala
18:30 Zumarte Musika Eskolako talde instrumentalen kontzertua Usurbilgo frontoian.
Maiatzak 26-30
2025-26 ikasturterako matrikulazioa. Informazio gehiago, zumarte.eus atarian.
Maiatzak 27-ekainak 1
40. urtemugako argazki eta bideo erakusketa Sutegiko erakustaretoan:
Asteartea, asteazkena, osteguna eta ostirala: 17:30-20:00.
Larunbata: 11:30-14:00 / 17:30-20:00.
Igandea: 11:30-14:00.
Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.