Uda giro beteko igandea itxuraz nabarmen alda daiteke arratsalde eta iluntze partean. Izan ere, prezipitazio handiagatik abisu horian izango gara arratsaldeko 18:00etan hasi eta gauerdira arte. Tarte horretan, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, "zenbait lekutan ordubetean 10 l/m² pila daitezke, bereziki mendebaldean. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu. Zaparradekin batera txingorra egin dezake, ez da baztertzen tamaina handikoa izatea (4-6 cm), eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (60-90 km/h)".
Giro honekin, beraz, igande honetan, maiatzaren 18an "giro eguzkitsua" izango dugu "goi-hodei batzuekin. Egunaren amaieran bero-hodeiak agertuko dira eta ekaitzak jo lezake. Hegoaldeko edo hego-ekialdeko haizea ibiliko da; arratsaldean, brisa. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen igoko dira".
Astelehenean ere abisu horian izango gara berriz, 12:00-19:00 artean. "Zenbait lekutan ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak egingo ditu, eta zenbait tokitan handiak eta trumoitsuak izan daitezke, bereziki Gipuzkoa ekialdean, non ordubetean 20 l/m² baino gehiago pila daitezkeen. Txingorra (1-2 cm) egin dezake. Ekaitz-guneetan haize boladak 60-70 km/h ingurukoak izan daitezke".
Astelehenean, maiatzaren 19an, "zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparrada trumoitsuak botako ditu, batez ere arratsaldean. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igo eta maximoak nabarmen jaitsiko dira".
Asteartean, hilaren 20an, "zerua tarteka hodeitsu egongo da eta egunaren lehenengo partean zaparradak botako ditu noizbehinka. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.