Beñat Etchebest, Etxalde kooperatibako lehendakaria, Potxoenean izango da azalpenak emateko.
Noiz eratu zen Etxalde eta zenbat kide zarete gaur egun?
Beñat Etchebest: Etxalde, 2007. urtean, 50 lagunek sortu genuen. Gaur egun 200 Etxaldekide gaude.
Zeintzuk dira elkargune honen helburu nagusiak?
Garaian, erdi arroan, eta Euskal Herriko Iparraldean, duela hiru bat mende, jendeak bizitokia bazuen, lanaren truke. Lurrak, etxeak, ez ziren saltzen, baizik eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen. Etorri dira garai berriak. Estatuak sortu dira eta bideratu dute lur eta etxeen saltzeko ahala. Aurretik amankomunean kudeatzen zena, jabego priba-tu indibidual batean sartu da. Hola zauku garatu lur eta etxebizitzen merkatua.
Jabego amankomuna zatituz, elkartasunak sortzen duen indarra ere zatitu da. Gaur egun, nonbait bizitzeko, jende bakotxak bere aterabide indibiduala ediren behar du. Giltza, gero eta gehiago diru ezartea, axolbe segur batean lo egiteko. Ezartzen den dirua, gure bizi denboratik ateratze dugu, bizi ordu kostuz. Gure gurasoek ordu bat sarten zutenean, guk bi ordu sartzen ditugu... Eta gure haurrek, lau ezarri beharko dutelarik... Jadanik bost aldiz ordaindua izan den axolbean, lo egiteko.
Jabegoak, bi zati nagusi ditu, jabego hutsa (nuda propriedad delakoa) eta gozamena (usufruktua). 2007ean, Iparraldeko 50 kide bildu ginen, jabego amankomun eraberritu batean berriz antolatzeko xedearekin.
Xedea: Jendartean, egitura kolektibo baten sortzea, gaur kooperatiba bilakatu dena, jabego hutsaz elkarrekin jabetzeko. Egitura hori etxeetaz jabetu ondoren, horiek sekula ez lukete merkatura itzuli beharrik. Behin ordaindua, betiko ordaindua. Ondorren aski errazki eta merke bizitzen ahalko dira jendeak egoitza horietan. Jendeek bizi guztiko gozamena erosten dute. Gozamen hori berek aukeratu jendeari pasa lezazkete edo, hala egin beharrez, sal lezakete.
Era honetan, gure egoitzetan ez du gehiago merkatuak manatzen, baizik eta gure arteko antolaketak. Gai gara hain hurrun joaiteko, gure aitzinekoen ildotik, jabego pribatuaren menditik haratago? Parioak libro!
Batek pentsa dezake gazte jendeari konponbide bat emateko eratu zela Etxalde. Hala da ala adina ez da kontuan hartzen duzuen irizpide bat?
Adina, egunero aldatzen denez, egiten duguna ez da gazteei baizik hersatua. Oro har, gaur egiten duguna, gure ondokoentako egiten dugu. Dirurik gabe ari girenez, zuzenbidea ondo sakonduz, xedea aurkezten hobetuz, ttipi-ttapa, gure eredua belaunaldi guziei zabaltzen da. Bakoitzak baditu bere familian, zaharrak eta gazteak. Ororen artean ere, ondasun batzuk. Horien kudeatzea da erronka. Ondasunak gureak dira. Hortik aurrera, nola antolatu, ondasun horiek familaren babesleku izaten jarraiki dezaten?
"Ez alokatzaile, ez etxejabe, denok biztanle” hori da zuen lema berria. Usufruktua edo gozamenduna da sustatzen duzuena, ezta? Hori da zuen egitasmoaren oinarri nagusia.
Bai. Lehen aipatu bezala, lur honen gozamendun bilaka gaitezen... Jabego hutsa, herritarren artean amankomunean etxekiz. Etxe bat ordaindu eta, eredu honetan, betiko ordaindua da. Lehen gozamendunek dute etxea ordaintzen, beren ondokoen babesleku gai. Zilegi da pentsatzea horiek diru gutxiagoaren beharra duketela etxe hortan bizitzeko. Horiek dira hasiko bizitzen ...
Turismoaren erruz, etxebizitza asko bigarren egoitzak dira Ipar Euskal Herrian. Asteburuetarako edo oporraldietarako bideratuta daudenak. Honek eragin zuzena du zuengan, ezta? Etxalde egitasmorako etxeak topatzea ez da erraza izango.
Turismoa ez dadin gure bizkar garatu, etxeetaz jabetu behar dugu. Jabetze hori erosiz egin liteke. Zer eros, nolako prezioetan? Jabego hutsa erostea ez da garresti ateratzen, gauzak ondo ulertzen bada. Frantzia aldeko legeen arabera, 100.000 eurotako ondasun baten balioaren jabego hutsak 5.000 eurotan amankomunera sar genezake. Edozoin familia, jende multzo edo herri datu horiek ulertuz geroz, egite ahal ugariak ditu.