Pil-pilean den gaia dakar aurtengoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren "Treba Gurasoak" izeneko prestakuntza ekimenak. Egitasmo horrek "gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu".
Aurtengoan, ekimen horren baitan bi saio antolatuak zituzten egunotarako, gai beraren bueltan; lehenbizikoa, “ongizate emozionala” hizpide izango zuena iragan larunbaterako Gaztelekuan, 12-16 urte artekoentzat, baina bertan behera utzi zuten. Bigarrena bai, aurreikusi moduan, asteazken honetan, maiatzaren 21ean egingo da, 17:30etan Potxoenean. “Osasun mentala eta nerabeak” izango ditu hizpide haien gurasoei zuzenduriko saioak. Estibaliz Ansotegik gidatuko du saioa. Foru Aldundiak, Udalak, Gaztelekuak eta Hitz Aho guraso elkarteak antolaturiko hitzordurako gonbidapenak usurbilkultura.eus plataforman eskura ditzakezue.
Hitzaldi zikloa
Maiatzak 21, asteazkena
17:30 Hitzaldia Potxoenean: “Osasun mentala eta nerabeak”.
Trebatzailea: Estibaliz Ansotegi.
Zehaztasunak: "Familien eginkizun nagusietako bat da heztea eta seme-alabek balio eta portaera/jarraibide egokiak eskura ditzaten lortzea. Babesaren gakoa da ingurune seguruak eta babesleak sortzea. Ingurune horietan, pertsonak erabat garatu ahal izango dira, beren eskubideak errespetatu ahal izango dira eta edozein indarkeria-motatatik libre egongo dira, haien ongizate fisikoa eta mentala bermatuz. Hauek dira landuko diren edukiak eta gaitasunak: Gure seme-alaben osasun mentala, nola sentitzen dira? / Zer da osasun mentala? / Zerk kezkatzen gaitu osasun mentaletik? / Adimen emozionalaren garrantzia / Ezegonkortasun emozionala / Zer dira gatazkak? / Detekzio goiztiarra eta babesgabetasuna / Nola lagun diezaiekegu? Familientzako aholku batzuk".
Nori zuzendua: nerabeen gurasoei.
Gonbidapenak: usurbilkultura.eus plataforman eskuragarri.
Antolatzaileak: Usurbilgo Gaztelekua eta Hitz Aho Guraso Elkartea.
Laguntzaileak: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Usurbilgo udala.