Aurkeztu dute Gipuzkoako hiriburuko uda parteko hitzordu klasikoetako bat; 86. ediziora heldutako Musika Hamabostaldia. Abuztuaren 1etik 29ra ospatuko da "Penintsulako musika-jaialdi zaharrena", antolatzaleek nabarmendu duten moduan. "Laurogeita sei urte Donostia eta, ondorioz, lurralde osoa, etenik gabe, klasikoaren, kulturaren eta artearen gozamenaren epizentroan kokatuta; zortzi hamarkada baino gehiago zuzeneko musikaren eta dantzaren inguruan komunitatea sortzen".
Aurtengoan, iragarri dutenez, "dantzak emango dio hasiera jaialdiari Angelin Preljocajen "Requiem(s)" lan berrienarekin, 14 beterekin bermatuta Parisko estreinaldian. Rafaela Carrascoren flamenkoa (2023ko Dantza Sari Nazionala) Victoria Eugenian izango da eta dantza garaikideak bere tokia izango du Tabakalera Dantzan-en. Beste ziklo batzuek ere, hala nola Organo Zikloak, Musika Aitzaki edo Inaugurazio Jardunaldiak, dantza eta zuzeneko musika uztartzen dituzten proposamenak eskainiko dituzte".
Ahots handien edizioa izango omen da aurtengoa; Guridiren "Amaya" opera berreskuratuko dute kontzertu moduan, edota "West Side Story". Horrez gain Xabier Anduaga "tenore donostiarra bere jaioterrira itzuliko da munduko opera-plaza nagusienetan jardun ostean". Jaialdiak, gainera, "orkestra handiak bilduko ditu, hala nola Leipzigeko Gewandhausorchester ospetsua, Orchestre de l 'Opera de Paris eta Espainiako Nazionala, eta baita izarrak ere: Marc Elder, Jordi Savall, Thomas Adès, Andris Nelsons, David Afkham, Mitsuko Uchida, Hilary Hahn, Nelson Goerner, etab".
Sorkuntza berrien aldeko apustua ere egingo du Musika Hamabostaldiak, ""Nizugu" haurrentzako operaren estreinaldiarekin, Tabakalerarekin batera dantza garaikidea sortzeko egoitza berri batekin edota hainbat musika-piezaren enkarguarekin".
Horrez gain, Maurice Ravelen jaiotzaren 150. urteurrena oroituko dute.
Paolo Oreni eta Oreka TX
Ziklo ezberdinak ere tartekatuko ditu Musika Hamabostaldiko egitarauak; "garai eta estilo guztietako errepertorioak hartzen dituzten proposamen bereziak" izango dituzte. Tartean, "organo-musika Gipuzkoako organo erromantiko handietan". Organo Zikloa deritzon ekitaldi sortako kontzertuetako bat, urtero moduan, Usurbilen programatu dute. Aurreratu dutenez, Paolo Oreniren organo kontzertua iragarri dute, baina ez da bakarrik egongo. Izan ere, Oreka Tx taldeko Harkaitz Martinez de San Vicenteren eta Itziar Navarroren txalaparta eta ahotsa izango ditu bidelagun.
"J.S. Bach, Mozart, Liszt eta Widor-en lanak, eta inprobisazioak" eskainiko dituzte. Emanaldia abuztuaren 12rako antolatu dute, arratsaldeko 20:00etan Usurbilgo Salbatore Elizan. Emanaldirako sarrera doakoa izango da. Informazio gehiago quincenamusical.eus atarian jaso ahalko duzue.