Ziortzarekin hartuemana izan duten guztien elkargunea izan nahi du jaialdiak ezta?
Urtemugako ekintzak antolatzerako garaian gure asmoa zen, gure gazteak diren DBH-koei eta duela urte batzuetatik ere lanean ari garen LH 5-6koei zuzentzea ekintzak. Baina bideratuak daude hainbat ekintza Ziortzako kideei, kide ohiei eta herri osoari. Azkenean, modu batean edo bestean Ziortzan parte harturiko jende piloa dago Usurbilen, guztiei eskertzeko modu bat izango da. Beraz, usurbildar guztiei egiten diegu parte hartzeko gonbita. Egitarau zabala osatzen saiatu gara.
Zer nolako garaia bizi du Ziortzak 40 urte bete berritan?
Gazte gisa parte hartzen genuen garaitik gorakada izan da parte hartzaile kopuruan, adin tarte hau jendetsuagoa izaten ari da. Dinamika aldetik oso antzekoa da. Urtean zehar gure saioak egiten ditugu. Saiatzen gara, egungo errealitatera edo haien zaletasunetara moldatzen. Aurten, adibidez, Ziortxef egin dugu, sukaldaritzari lotutakoa, iaz piragua irteera bat, "scape room" baita oso erantzuna ona izan zuena... Probatzen eta moldatzen goaz, gustukoen dutena ikusten. Gure filosofia da gazteek sinpletasunaz gozatzen ikastea da. Udako kanpaldian hori saiatzen gara sustatzen, ikus dezaten sinpletasunetik baita oso ondo pasa dezakegula. Peñaloscintos naturgune bat da. Gazteok eta begiraleok oso gustura bueltatzen gara.
Gazteekin hartuemanetan egonda, zeintzuk dira haien zaletasunak, beharrak?
Gustukoen dituzten ekintzak egunerokotasuna hausten dutenak dira. Briletean jolas dezakete egunero, baina kanpaldian bezala lokatzarekin jolastu ez. Ostiraletako saioetan ikusten dugu gugana heltzen direnean, askatzeko gunea dela haientzat Ziortza. Halere, nabaria da ez dela gauza bera hilean behin bi orduz saio batean biltzea edo astebetez kanpaldian. Bertan hartuemana askoz handiagoa da, segituan sartzen dira kanpaldiko atmosfera horretan. Oso polita da, bestela sortuko ez ziren harremanak eraikitzen ikustea, ez bakarrik gazteen artean baita bertan dauden boluntarioen artean ere. Asko duela urte batzuk ezagunak ginen baina ezezagunak aldi berean eta orain lagunak gara.
Antolatzaileok ere Ziortzaren onuradun baita, beraz.
Gazteengatik antolatzen dugu kanpaldia baina guregatik ere bai. Begirale askok kanpaldirik gabe udan hutsunea sentituko genuke. Ziortzaren urteotako arrakastaren gakoetako bat hori da, boluntario guztiak gustura egiten dugula egindakoa. Benetan sinesten dugu Ziortzaren proiektuan. Oso gustura ari gara eta hori azkenean ikusi egiten da gero emaitzetan. Oso ondo pasatzen dugu eta gauza asko ematen dizkigu. Materiala ez den asko jasotzen dugu trukean gazteengandik, beste kideengandik, dinamikarengandik. Horregatik jarraitzen dugu lanean.
Lehenbizi gazte gisa parte hartzen hasi daiteke Ziortzan, gero begirale gisa jardun... Trantsizio horretan nola eraldatzen da Ziortzarekiko ikuspegia?
Desberdina da. Etapa bakoitzak bere unea du. Ziortzan bai gertatzen da, askok Ziortzako etapa guztiak probatu nahi dituztela. Guk ere Ziortzako kide izatea zer zen jakin nahi genuen. Gustura aritzen garenez, atzetik datozenak horretaz jabetzen dira. Hori transmititzea oso garrantzitsua da. Ez da artifizialki egiten dugun zerbait, naturalki baizik, benetan ondo pasatzen dugulako.
Argazki erakusketa interaktiboa antolatu duzue. Artxiboan arakatu behar izan duzue. Zer jaso duzue iraganeko Ziortzatik?
Aldaketak izan dira baina garai bateko esentziari eusten dio Ziortzak. Esaterako, kanpaldiari dagokionean, azpiegitura aldatu da baina ez hainbeste. Bere sinpletasun hori mantentzen du. Lehen antolatu izan dugun argazki erakusketetatik gehien gustatzen zaiguna da, jendea datorrenean nola oroitzen dituen hainbat bizipen. Erakusketa horretan topo egiten du bere garaian Ziortzaren bidez harremandutako jendeak. Agian, datorren erakusketa hau harreman haiek berpizteko unea ere izan daiteke.
Urtemuga hau aukera ematen ari da, etorkizuneko Ziortza irudikatzen hasteko? Esaterako, Elkargunean zaudete.
Epe motzerako helburu nagusia, 40. urtemuga jaialdia ondo ateratzea eta gozatzea da. 40 urteotako zikloa itxi ostean, hurrengo hamarkadari heltzea izango da, jarraitzea, dinamika ez etetea, boluntario eta gazte kopuruari eustea, ez dugu gehiago nahi ere. Ondo gaude, pozik gaude egiten dugunarekin. Etorkizunean ere, jende berria gogotsu sartzen segitzea eta Ziortza uzten dutenek ere sentsazio onarekin uztea nahi genuke. Taldea zaindu nahi dugu; tartean, begiraleak. Garrantzitsua da. Gu saiatzen gara begiraleak zaintzen, denak gustura egote horrek ematen duelako indarra ekintzak ondo ateratzeko. Kideen artean harreman txarra, tentsioa edo desadostasunak badaude, jendea ez da eroso sentitzen. Udako kanpaldian edo herrian egindako ekintzetan islatua ikusten da hori. Horregatik, azken urteotan eman diogu garrantzia begiraleen arteko harremanari; gazteek ondo pasatzeko begiraleek haien artean ere ondo pasatzeari, harreman ona izateari. Horren harira, irailean ikasturteari hasiera emateko elkarbizitza egiten dugu begiraleok. Ondo pasatzeko baliatzen dugu, aurreko ikasturtea ebaluatu eta ikasturteari forma emateko. Plangintza orokorra lantzen dugu, arduren banaketa bideratzen dugu, garrantzitsua jendeak gainkarga ez sentitzeko. Asko hausnartu dugu gure helburu zehatzei eta balioei buruz. Izan ere, Ziortzak 40 urteko ibilbidea du, berritzen joan behar dira. Pixkanaka moldatzen goaz, begirale taldea ere aldatzen doa. Pare bat urte daramagu, bestalde, herriko sare horretan gehiago txertatu nahian. Adibidez, oraintxe bertan Elkargunearen proiektuan gabiltza.
Ziortzaren etorkizuna eraldatu dezake.
Ziortzaren arazo nagusietako bat da, espazio aldetik dugun gabezia. Gazte kopurua asko hazi da eta kalean bildu behar izaten dugu, espazio itxi bat ez baitugu hainbeste pertsona biltzeko aisialdiko ekintzak egiterakoan. Elkarguneak, onura piloa eskainiko dizkigu, tartean, espazio bat non ahalko dugun partekatu talde gehiagorekin.
Aurrera begira, etorkizuneko belaunaldi horri, Ziortzak zer eskaini diezaioke?
Aisialdiaz gozatzen jarraitzeko aukera. Horregatik animatu Ziortzako kide izatera, beste ikuspuntu batetik gozatuko duzu aisialdiaz. Oso ondo pasatzen dugu.
Amaitzeko, 40. urtemugako jaialdirako gonbita nori egin nahi diozue?
Herri osoari egin nahi diogu gonbita. DBHkoen kasuan festa asko ez daude haiei bideratuak. Aukera bat da hau haiek bere lekua izateko. Baina ez dugu inor kanpoan utzi nahi, animatu nahi ditugu egungo eta iraganeko Ziortzako kide guztiak parte hartzera. Inoiz etorri ez direnek ere aukera izango dute parte hartzeko. Ilusio handiz sortu dugun jaialdia da. Guztiok batera eraiki dugun elkartearen urtemuga ospatzeko eguna izango da. Aukera polita izango da festa giroan egoteko, aspaldi egon gabeko jendearekin elkartzeko, aspaldiko eta ez hain aspaldiko garaiak oroitzeko. Oso ondo pasako dugu.