Euskaraldia 2025

Azken txanpa girotua izango du Euskaraldiak

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 21a, 11:27

Maiatzaren 15az geroztik abian den laugarren Euskaraldiko azken txanpa girotua izango da. Hainbat hitzordu iragarri dira egunotarako.

Zazpigarren eguna du laugarren Euskaraldiak. Pixkanaka, azken txanpara heltzen ari da. Izan ere, igandera arteko, maiatzaren 25era arteko ariketa kolektiboan murgilduak dabiltza milaka ahobizi, belarriprest eta entitate Euskal Herri osoan.

Usurbili dagokionean, Zumarte, Kantu Taldea edota buruhandiak elkartu zituen herri kalejirarekin, txupinazoarekin eta manifestuaren irakurketarekin girotu zuen Euskaraldia hilabeteotan prestatu eta dinamizatzen aritu den herri batzordeak, guztion hizkuntza ohituretan eragin asmo duen ekimena iragan ostegunean.

Hasi bezala amaituko da, bukaera girotuarekin. Aipatu bilgune horretatik jakinarazi dutenez, herri argazki batekin eta Anuk eta Eleneren emanaldiarekin agurtuko du herri honek laugarren Euskaraldia maiatzaren 25ean.

Kantu Festa eta UdaFest
Bukaera ofizial horren aurretik, gainera, zenbait herri eragileek Euskaraldiaren testuinguruan ere hitzordu hainbat antolatu dituzte. Batetik, atzotik Zubietan abian den UdaFest ekimenaren baitan, bertako eskolako guraso elkarteak Euskaraldia agurtzeko arratsalde pasa iragarri du ostiralerako herri kirolen ginkanarekin eta erromeriarekin.

Euskaraldiko azken egunerako, maiatzaren 25erako, bestalde, Kantu Festa antolatu du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Zarauzko, Lasarte-Oriako eta Hondarribiako kantu taldeak bisitan izango ditugu eta haiekin batera, usurbildarrak ere kantu-jiran barneratuko dira herriko kaleetan zehar. Bi bisita gidatutan parte hartuko dute gainera, kantu-bazkaritan biltzearekin batera.


4. Euskaraldia
Maiatzak 23, ostirala
Euskaraldiaren amaiera:
16:45
Herri kirolen ginkana.
18:15
Erromeria.
Antolatzailea: Zubietako Eskolako Guraso Elkartea.

Maiatzak 25, igandea
Kantu Festa

10:30 Herri-bisita: Usurbil Museo Irekia.
12:00 Kantu Jira.
14:00 Kantu-bazkaria ikastolako jangelan. Menua: 25 €. (Kantu taldearekin harremanetan jarri).
18:00 Cavaillé-Coll/Mutin, Salbatore parrokiako organoaren azalpena Joan Luis Atxegaren eskutik.
- Elizako koruan organoaren laguntzarekin: Txoria-txori./ Gure ametsak.
- Dema plazan kantuzaleon arteko agurra.
- Partitzeko tenorea.
Zehaztasunak: "Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak, Kantu Festa ekimena antolatu du Zarauzko Montetxio, Lasarte-Oriako Xumela eta Hondarribiko Olagarro kantu taldeekin partekatuz. Euskaraldia-2025 ekimenaren amaierarekin bat eginez, euskaldun egiten gaituen euskara bultzatuz, euskal kantuen aldarrikapena plazaratu nahi luke, kantuez eta kontuez gozatzeko gogoz dagoen guztia gonbidatuz".
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.

Maiatzak 25, igandea
19:00 Euskaraldiaren amaierako ekitaldia Mikel Laboa plazan:
-Herri argazkia.
-Anuk eta Eleneren emanaldia.
Deitzailea: Euskaldiaren herri batzordea.

Argibide gehiagorako: euskaraldia.eus