Herri Ekimen Legegile (HEL) bat aritu da sustatzen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, "Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema bat ezartzeko" eta horren baitan, "14 ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, lege bihur dadin", hilabeteotan gogorarazi dizuegunez. Horren baitan sinadurak biltzen aritu dira.
Hilabeteotan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herriz herri jasotako 145.142 herritarren sinadurak entregatu zituen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak maiatzaren 15ean Gasteizko Eusko Legebiltzarrean, goiz horretan egindako mobilizazioaren baitan. Gogoan izan, haietatik 524 atxikimendu Usurbilen jaso zirela aipatu mugimenduaren baitako herri ordezkaritzak Sutegi atarian hilabeteotan jarritako mahaian.
Arrakastatsua
"Aurrekaririk gabeko mobilizazio sozial" gisa definitu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak hilabeteotan lortutakoa. "Mobilizazio hori posible izan da herriz herri aritu diren EHPMko" kideei esker. Datuokin, balantze positiboa egin dute. "Gutxieneko pentsioak Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren %100era arte osatuko dituen Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura bilketa arrakastatsua izan da".
Horregatik, pentsiodunen mugimendutik "zorionak eman nahi dizkiegu legegintzako herri-ekimena sinatu duten guztiei, haiek baitira garaipen honen protagonista nagusiak". Era berean, deitoratu nahi izan dute, "salbuespenak salbuespen, administrazioek Herri Ekimen Legegilea ezagutarazteko eta sinadura digitalak bildu ahal izateko legean jasotako beharrezko bitartekoak jarri ez izana".
Kanpainaren arrakasta partekatua dela gogorarazi nahi izan dute. Izan ere, "Bilboko Kafe Antzokiko ekitaldian argitara eman genituen euskal gizarteko 289 pertsona erreferenteekin partekatu nahi dugu; Euskal Herriko erakunde sindikal guztiekin; ehunka gizarte-erakunderekin; Bilborock aretoko ekitaldian parte hartu zuten ehuetik gorako erakunde feministekin; eta, azkenik, soldata eta gutxieneko pentsio duinak eskatzeko apirilaren 5eko manifestazioetan parte hartu zuten herritar guztiekin eta adinagatik eta osasunagatik manifestazioetan egon ez zirenekin".
"Oraindik ez dugu lortu"
Pentsiodunen mugimendutik argi adierazi dutenez, "egin behar genuena egin dugu". Gogorarazi dutenez, ordea, "oraindik ez dugu lortu". Erakundeek dute orain azken hitza. "EAEko gobernuak eta Legebiltzarrak Herri Ekimen Legegilea aintzat hartzea erabaki behar dute, legebiltzarreko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu dadin; parametro demokratiko zorrotzetatik, ez dago beste aukerarik. Ez dago hori eragozten duen inolako arrazoirik, ez eskumen alorrekorik, ez ekonomikorik".
Horregatik, Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari galdegiten diete "kontsekuenteak izan daitezela beren helburu nagusiarekin, hau da, euskal gizarte justu eta bidezkoa eraikitzea, genero-ekitatean eta aberastasunaren banaketa bidezkoan oinarritua".
Bigarren mugarri garrantzitsua izango da honako hau pentsiodunen mugimenduarentzat. "2018an, gure mobilizazio masiboen ondoren, pentsioen errebalorizazioa KPIarekin lotzea lortu genuen. Eta 2025ean gutxieneko pentsioa eta lanbide arteko gutxieneko soldata parekatzea lortuko dugu".