Ziortzak 40 urte

"Entseatzen hasi ginen eta hantxe sortu zen taldea"

Noaua Aldizkaria 2025ko mai. 22a, 07:48

Betetako 40 urteak ospatzera doa Ziortza Gazte Elkartea asteburuan. Jaialdia musikatuko du jendaurreko lehen emanaldia eskainiko duen Ondoezik elektrotxaranga gazte taldeak. Larunbat arratsaldekok 17:30etan izango da, Mikel Laboa plazan.

Borobilean zinetela irakurri dugu, baina ez da hala.

Izena behar genuen. Kosta zitzaigun hautatzea eta Ondoezik erabaki dugu azkenean. Hitz hau erabiltzen dugu, eta soinu ona du.

 

Zerk bildu zaituzte?

Gehienak gure adinekoak gara, denok dugu gustuko musika. Musika ikasten aritu izan gara gehienak. Taldea sortzeko elkarri idazten hasi ginen. Entseatzen hasi ginen inongo helbururik gabe eta hantxe sortu zen taldea.

 

Elektrotxaranga talde batek zer du erakargarritik zuentzat? 

Mugimendua, mugitzen doala taldea. Emanaldiak dinamikoagoak dira. Elektrotxarangek hartueman zuzenagoa dute ikus-entzuleekin, oholtzarik gabe. 

Biltzen hastetik honainoko bidea nolakoa izan da?

Haraneko lokaletan hasi ginen entseatzen gure kabuz, inongo helbururik gabe. Baina Ziortzakoek idatzi ziguten eta eskatu ziguten kanta bat egitea, haien 40. urtemugarako. Denbora dezente igaro dugu kanta hori prestatzen. Sortzen bukatu genuenean, letra jarri zien eta gu kontzertua prestatzen hasi ginen. 

 

Kantak ekarri du hau dena.

Hasiera batean bai. Baina guk Usurbilgo jaietako Bertsio Gauean parte hartu genuen aurreko udan eta horrek gogo gehiago piztu zigun musika sortzen jarraitzeko.

 

Nolakoa izan zen kantaren sorkuntza prozesua?

Ziortza aritu zen estudio bila. Azkenean Iruran grabatu genuen. Kanta egitea lortu genuen bi egunetan, espero baino azkarrago. Guretzat esperientzia berria izan zen estudio batean sartzearena eta gogotsu hartu genuen grabazioa.

 

Abestia entzungai dago jada plataformetan. Zer dio?

Abestiak erritmo eta estilo aldaketa batzuk baditu. Horrekin nahi genuen irudikatu, Ziortzaren kanpaldian ere emozio asko bizitzen direla eta horrekin esperientzia politak bizi izan ditugula denok hor. Letra Ziortzakoek egin dute.

 

40 urte bete ditu Ziortzak. Zer bizipen izan dituzue bertan?

Guretzat kanpaldia beti izan da denok elkartzeko gune bat. Azkenean, udan denok ondo pasatzea, inongo gailu teknologikorik gabe eta adin ezberdinetako lagunak egitea, begiraleekin harremantzea, polita iruditzen zaigu eta gustuko dugu.

 

Urtean zehar, Ziortzak antolatu ohi dituen dinamiketan parte hartu izan duzue?

Kanpaldiko gazte izateari uztean, jubenil izatera lehenik eta gero monitore izatera igarotzen gara. Bilerak egiten hasten dira ikasturtean zehar, kabalgatak eta halakoak antolatzeko. Bileretara joan izan gara eta gero kanpaldian pintxe bezala joan ginen. Aurten begirale bezala joango gara, bideari segitzeko.

 

Zer plan duzue Ziortzaren urtemuga jaialdirako?

Ziortzak denontzako egun bat antolatu du. Goizean jolasak izango dira haurrentzat, bazkaria eta gero arratsaldean guk joko dugu eta gero begiraleok afaltzera goaz. Beraz, hor emango diogu bukaera egunari. Ea ondo bukatzen den. 

 

Nolakoa izango da eskainiko duzuen emanaldia?

Mikel Laboa plazan, geldirik egingo dugu azkenean, oholtza gabe, ikus-entzuleekiko gertutasun hori mantentzeko. 

 

Ziortzaren 40. urtemugako abestia entzungo dugu bertan. Zer beste kanta? 

Elektrotxaranga taldeetan entzuten diren abesti ezagunak, euskaldunak, dantzagarriak. 

 

Jendaurreko zuen lehen emanaldia izango da.

Iazko Bertsio Gauean batzuk parte hartu genuen. Oso esperientzia desberdina izan zen. Izan ere, eszenatoki goian edo behean asko aldatzen da egoera, baina gustura egon ginen.

Jaietako Bertsio Gaua ere oso arrakastasua izan ohi da. Belaunaldi ezberdinetako herritarrak bildu izan ditu, harrera oso ona du.

Guk pentsatu genuen kontzertu horretan parte hartzea baina horrek gero taldea sortzea ekarri du. Beraz, bada aberasgarria taldeak sortzeko, herrian dagoen sorkuntza mugimendua erakusteko. 

 

Zer ikusi eta entzungo dugu larunbatean?

Gonbita, Usurbilgo herri osoarentzako dago egina. Guk gure musikaz gozatu nahi duten guztiei egin nahi diegu gonbita. Kanta gehienak euskaldunak izaten saiatu gara, denontzako ezagunak izatea, denek gozatzeko. 

 

Erronka astebururako, beraz. Gero, biltzen segitzeko asmoa duzue?

Oraingoz, asteburu honetako emanaldia dugu, gure lehenengo saioa eskaintzeko gogoz gaude. Hitzordu horren ostean, entseatzen segiko dugu, kanta berriak ateratzen eta errepertorio luzeago bat sortzen.

Beste uneren batean jotzeko aukera eskaintzen badigute, gu hor egongo gara.