Betetako berrogei urteak gogotik ospatuko dituzte Ziortza Gazte Elkartekoek haiekin bat egin nahi duen herritar ororekin. Izan ere, hamarkada hauetan guztietan, herritar mordoak izan du modu batean edo bestean bilgune honekin hartuemana.
Nola ez, hitzorduen zati handi bat gazteei zuzendurikoa izango da; hasteko, sorkuntza tailerrak antolatu dituzte ostiralerako, herritarren laguntzaz. Eitikoekin bitxigintza eta osagarriei lotutako tailerrean parte hartu ahalko dute, Oier Agirresaroberekin magia trukuak ikasiko dituzte, Olatz Zabaletarekin amigurumiak sortuko dituzte eta Pello Ibargoyen Ziortzako bertako begiralearekin globoflexiaren bidez forma ezberdinetako globoak egin ahalko dituzte.
Elektrotxaranga berria
Usurbildarrak izango dituzte bidelagun jaialdi amaieran ere. Izan ere, Usurbilgo Borobilean elektrotxaranga taldeak jendaurreko lehen emanaldia eskainiko du biharamunean. "Herriko gazte talde bat da. Azken urteetan hasi dira entseatzen. Haien debuta izango da". Taldea ez dute nahigabe hautatu. "Tailerretan bezala, gertuko jendea nahi genuen. Oso aukera ona iruditu zitzaigun. Kide bat baino gehiago Ziortzatik pasatako gazteak dira. Ez dira begiraleak, trantsizio horretan daude", kanpaldian laguntzen esaterako. Adi, Ziortzaren urtemugari lotutako abestia ere sortu dute begirale batzuen laguntzarekin, egunotan plataforma ezberdinetan eta emanaldi egunean entzun ahalko duzuena. "Aste Santutan ibili ziren grabatzen Iruran".
Jai giroan amaituko da Ziortzaren 40. urtemuga jaialdia. Aurretik herria batu nahi dute bazkari baten bueltan. "Herritar ororentzat guztiz irekia izango da. Haur, gazte, eta heldu, animatu!". Otordu girotua izango dela iragarri dute Ziortzatik. "Jolasekin dinamizatzen saiatuko gara", aurreikusi dute.
Erakusketa parte hartzailea
Jolasean emango dute goiza baita: DBH-koentzako gazte erronka erraldoia antolatu dute herrian, gaztetxoenentzako, etorkizuneko balizko Ziortzako kideentzako tailerrak frontoi inguruan.
Asteburuan zehar, Sutegin izango du Ziortzak beste hitzordua; 40 urteotako argazki erakusketaren bueltan. Oraingo honek, ordea, berezitasun bat izango du; interaktiboa edo parte hartzailea izango da. "Atal batzuetan argazkiekin jolasteko aukera izango da", iragarri dute.
Soinu-banda
Hitzorduak, gainera, soinu-banda propioa izango du. Izan ere, abesti bat sortu dute urtemuga honen harira; "40 urtez bidelagun" izena du. Entzungai duzue sarean, esteka honetan hain zuzen: "40 urtez bidelagun"
"Plataforma guztietan entzungai duzue maitasun handiz egindako abestia!!", jakinarazi dute Ziortzatik. Sorkuntza prozesu honen "bidean egon zareten guztioi" eskerrak helarazi nahi dizkiete. "Plazerra izan da", nabarmendu dute.
Abestiak, urtemugari egiten dio erreferentzia noski, baina baita Ziortzaren izaerari, urteotan eginiko ibilbideari, haien jardunari, dinamikaren atzean den filosofiari. Segidan duzue, abestiaren letra osorik, baita 40. urtemuga jaialdiko egitaraua ere.
Produktuen katalogoa
Bide batez, gogoan izan, urteurren berezi honi begira, gainera, bilguneak dituen produktuen katalogoa argitaratu du Ziortzak bere sare sozialen bidez.
-Katalogoa.
Ziortza gazte elkartekoekin hartuemanetan jartzeko bideok dituzue: ziortzage@gmail.com edo Instagram bidez @ziortzage helbidean.
Ziortzak 40 urte
Maiatzak 23, ostirala
17:00 Tailerrak LH5-DBH4 bitarteko gazteentzat: Eiti, Oier Agirresarobe, Olatz Zabaleta eta Pello Ibargoyen.
Maiatzak 24, larunbata
10:00 Esnadeia.
10:30 Txupinazoa eta txokolatada Mikel Laboa plazan.
Ondoren, Strong Zumba saioa.
11:30 Gazteen erronka erraldoia.
12:00 Eskulan tailerrak haurrentzat Dema plazan.
14:30 Herri bazkaria Mikel Laboa plazan.
17:30 Ondoezik elektrotxaranga.
Horrez gain:
-Maiatzak 23 (17:00-19:30) eta maiatzak 24 (10:30-14:30): argazki erakusketa interaktiboa Sutegin.
-40. urtemugako produktuen katalogoa eskuragarri:
-Katalogoa.
-Galdetegia.
Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.