Alba Menéndez eta Esther Arrojeria ez dira bi jokalari gehiago. Ibilbide luzea osatu dute Bera Beran eta azken denboraldi honetan taldeko kapitainak izan dira biak. Atzo Malagaren aurka jokatutako norgehiagokaren amaieran, Super Amara Bera Bera eskubaloi taldeak Alba eta Esther omendu nahi izan zituen. Agurra dantzatu zitzaien biei eta irudietan ikusiko duzuen moduan, partidako une hunkigarriena izan zen.
Agurreko dantzaz gain, Beñat Gaztelumendik bertso batzuk eskaini zizkien. Bertso musikatuak izan ziren eta gitarrajole gisa Ixak Arruti aritu zen. Txalaparta ere ohikoa izaten da omenaldietan eta Gascan Alazne Begiristain eta Eli Eizagirre aritu ziren. Dantzarien artean ere baziren usurbildarrak.
Jokoan, Ligako finalerako txartela
Partidaren bezperan, Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzaileak aitortu zuen Malagaren aurkako “finalerdi berezia” zela. Menendez eta Arrojeria agurtzeaz gain, denboraldi amaieran taldea utziko duten beste bi jokalari ere omenduko zituztelako: Louis eta Kostic.
Atzokoan, joaneko partidan, hiru goleko errenta atera zuen talde donostiarrak. Finalerako txartela hortaz, Malagaren aurkako norgehiagokan argituko da. Igande honetan, eguerdiko 12:00etan, Malagaren kantxan.
Aipatzekoa da Malaga taldekoen artean dela Estitxu Berasategi jokalari usurbildarra. Bere garaian Bera Beran aritu zen eta Estherren taldekidea izan zen.
Super Amara Bera Bera 27-Costa del Sol Málaga 24
Super Amara Bera Bera 27 (12+15): Prades, Erauskin (1), Arrojeria (3), Tchaptchet (1), Álvarez (7, 5p), Karsten (5) Louis (2) – hasierako zazpikoa- Arroyo (2), Etxeberria, Ogonovszky (2), Hernández (2), Gavilan, Menéndez (1), Rodrigues (1) eta Kostic (o.a.).
Costa del Sol Málaga 24 (9+15): Castellanos, López (5), E. López (4), Campigli (1), Lima (1), Resende (2), S. López (2), Cesáreo (2), -hasierako zazpikoa- Berasategi, Bitolo (6, 4p), Doiro (1), Sánchez eta Silva (o.a.).