Ring antzezlana ekarriko duzue Sutegira, larunbat honetan 19:00etan. Sinopsia irakurri gabe, telefono dei batean pentsa dezakegu, edo boxeoa egiten den ring horietako batean.
Hiru antzerki dauzkagu, eta denetan saiatzen gara nahiko probokatiboak izaten eta momentuan ikusleen erantzun bat izaten. Feedback bat nolabait. Ring hitza bera ere nahiko metaforikoa da, baina jorratzen ditugu gaur egun pil-pilean dauden gai asko. Horien artean, jokabide matxistak. Ring honetara ekartzen ditugu, eta fikziozko ring honetan planteatzen dugu desoreka sozial honetan indarkeria mahai gainean jar dezakegun edo ez. Badakigu astakeria hutsa dela, baina pertsonaia asko daude erakusten dutenak historikoki halako egoerak egon direla, eta zergatik ez buelta eman. Eta alderantziz, astakeria dela uste dutenak ere badira. Dena nondik begiratzen den ikusi behar. Ikusleengan eztabaida hori piztu nahi dugu, eta antzezlanean parte hartzera gonbidatzen ditugu. Benetako ring bat da.
Ringean sartzen den pertsonaia bat gizonezkoa da eta bestea emakumezkoa. Generoen arteko borroka ikusiko dugu?
Bai nolabait. Antzezlan honetan antzerki bat sortzen dugu antzerkiaren barruan. Hasieran, antzerki talde bat gara, eta beste antzerki bat prestatzen ari gara. Antzezlan horretan, pertsonaia bat gizonezkoa da, eta hor ikusten da pertsonaian jokabide bat duela, eta entsegutik aterata beste pertsona bilakatzen dela. Rol azterketa egingo dugu modu horretara. Denetariko gaiak ukituko ditugu: euskal matriarkatua, emakume gorputza zapalkuntza gune modura hartuta… oso probokatzaileak gara, eta askori ukitzen ditugun teklak astakeria irudituko zaizkie, baina eguneroko gaietan oinarritzen gara eta komunikabideetan zein ingurukoengan entzuten ditugun astakerietan. Telebistanikusten badugu norbait erasotzailea dela, saiatzen gara gure testuetan sartzen eta buelta bat ematen horri. Antzerki bizia da.
Evaren alabak zarete. Nor da Eva? Pertsonaia biblikoa? Zergatik izen hori?
Emakume guztiei keinu egiteko modu bat dela iruditzen zaigu. Azken finean, denoi tokatu zitzaigun Evaren alabak izatea, edo hori diote pentsaera jakina duten batzuek. Gure lehen antzezlana Evaren Alabak da, eta horrek emakumeen aurkako indarkeriari buruz hitz egiten du. Beti saiatzen gara pertsonaiaren batek Eva izena izaten, edo moduren batera edo bestera keinutxo bat egiten. Azkenean, halaxe gelditu zitzaigun izena, lehen antzezlan horren ildoari jarraituta, oso izen egokia iruditu zitzaigun taldearen izena ere izan zedin.
Ikuspegi feministatik sortzen dituzue lan guztiak, ezta?
Lehen antzezlana sortu zen zuzendariari Tolosako Udalak Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Egunerako antzezlan txiki bat prestatzeko eskatu ziotelako. Gainontzekook kultur-etxeko tailerrean lan egiten genuen berarekin, eta proposamena luzatu zigun. Hortxe amaituko zelakoan geunden, baina jende askok esan zigun antzeko egoeraren bat bizi zuela edo oso gertutik tokatu zaiola halako egoeraren bat. Inguruko udaletxe batetik ere deitu ziguten antzerki hori egiteko. Horrela sortu zen taldea, nahigabekoa izan zen. Harrera ona ikusita, motibatu egin zen obraren zuzendaria, Elena, bigarren bat prestatzera. Bigarren obra horretan umorea ere lantzen dugu, buelta bat emate aldera arlo horri ere. Emakumeoi gertatzen zaizkigun kontuak eta isilpeko kontu horiei ahotsa jartzen saiatzen gara, eta ikusleek barre egingo badute ere, mezuren bat eramango dute etxera, ziur.